2020-11-25 15:46
Sindikatuak galdegiten du plataforma digitalarentzat lan egiten duten pertsonak besteren konturako langiletzat har daitezela

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak ofiziozko demanda sartu du Glovo App23 S.L enpresaren aurka, eta eskatzen du plataforma digital horrentzat lan egin duten 280 lagun besteren konturako langiletzat hartu eta Gizarte Segurantzaren erregimen orokorrean koka ditzatela.

Duela gutxi argitaratutako epai batean Auzitegi Gorenak ohartarazi zuen plataforma hauetako langileak ez direla jarduten norbere kontura; aitzitik, enpresarekiko lan harremana Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean kokatzen da.

ELA prozedura horretan agertuko da langileen kolektiboa enpresaren aurrean ordezkatzeko, izan ere, sindikatuak uste baitu plataformak langileak behartu egiten zituela autonomoen erregimenean iruzurrezko alta ematera, horrela beren ardura bilakatzen zelarik gizarte segurantzako kuotak ordaintzea; gainera, lan harremanen oinarria prekarietatea eta esplotazioa izan da. ELAren iritziz zeharo desberdina da egoera lan eskubideei dagokienez: autonomo faltsuek ez dute eskubiderik, eta besteren konturakoek, berriz, bai. Glovok bere langileei inposatzen dien lan sistema esplotazio hutsa da; fikzio bat sortzen du, ustez langileak bere lana antolatzeko aukera duelarik. Alabaina, benetako lan harremana guztiz mendekoa da, soldata kaskarrekin, eta ez dago enpresa-azpiegiturarik eta inolako eskubiderik.

Demanda hau aintzat hartzen bada, ELAk eskatuko du langileek autonomoen erregimenari ordaindutako kuotak itzultzea, eta Glovoren aurka auzitara joko du, enpresa honek dagokion sektore-hitzarmena aplikatuz gero langileek jaso behar izango zituzketen soldatak ordain ditzan.

ELAk salatu egin ditu behin Gorenaren epaia ezagutu denean Glovok erakutsi duen jokabidea: bere langileei eskatu die mobilizatzeko, esplotatzen jarraitu ahal izateko.

Sindikatu honek Gobernuari galdegin dio berehala egin dezala lege bat plataforma digitalen jokamolde honi aurre egiteko, iruzurra eginez XIX. Mendeko lan harreman eredu bat ezarri nahi baitute.

ELAk dei egiten die plataforma hauetako langileei antola daitezen eta ekin dezaten beren eskubideen alde; sindikatua enpresa hauek inposatzen duten prekarietateari eta esplotazioari aurre egin nahi dutenen eskura jarriko du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.