2020-02-21 14:11
ELA eta LAB sindikatuok Zaldibarko zabortegi barrura bisita egingo dugu otsailaren 25ean. Lanen berri jaso eta bertan ari diren langileen egoera ikuskatuko dugu bertatik bertara.

Bisita honen helburu nagusiak honakoak dira:

  • Luizia gertatu zenetik hona egindako lanen berri jasotzea.
  • Egun lanean ari diren langileen egoera ikuskatzea, beren lan osasuna bermatua dagoela ziurtatzeko.
  • Desagertuta dauden bi langileen, Joaquín eta Albertoren, bilaketa lanen berri izatea.
  • Eta zabortegiaren egungo egoerak inguruko herrietan duen eraginaren berri zuzena jasotzea.

Bi sindikatuok eskariz egingo da bisita. Ez gutxi kostata, bertaratu ahal izateko oztopo eta zailtasunak jarri baitizkigu Jaurlaritzak. Osalani zein Jaurlaritzari zabortegiko lanak ikuskatzeko sindikatu biek egindako eskaeraren aurrean, Ingurumen Sailak bisita debekatu zigun lehenik. Baina legez bisita egiteko eskubidea dugula ikusita (Zaldibarren lan nagusia egiten ari den Moyua enpresan gehiengo osoa dugu bion artean), gure eskaerari baiezkoa eman diote azkenean.

Bide beretik, salatu nahi dugu ere prozesu honetan Jaurlaritzak ez duela sindikatuokin inolako harremanik ireki, are gehiago, egin ditugun informazio eskaera guztiak ukatu dizkigu. Eta Jaurlaritzaren azken mugimendua izan da, erabat anormala den egoera zuritu nahian, normaltasun irudi bat emate aldera, CCOO eta UGT ere bisita berera gonbidatzea.

Gure lehentasunei eusten diegu: Joaquín eta Alberto handik lehenbailehen ateratzea eta bertan lanean ari diren langileen lan osasuna bermatzea. Horregatik, otsailaren 25ean 12:00etan han izango gara eta zabortegitik ateratzean bisitan ikusitakoaren berri emango dugu. Era berean, ELA eta LABek langile eta herritarrei egoera lotsagarri bezain kezkagarri honen aurrean mobilizatzen jarraitzeko deia egiten diegu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.