2021-04-07 16:32
ELA eta CCOOek, Bilboko Conde Aresti egoitzako enpresa batzordean % 100eko ordezkaritza duten sindikatuek, greba mugagabea deitu dute patronatuak langileei ezarri nahi dizkien murrizketei aurre egiteko: enpresako 25 langile zaharrenei % 37 arteko soldata galerak inposatu nahi zaizkie eta aldi baterako ezintasunaren osagarria kendu nahi diete. Langile horiek 27 urteko antzinatasuna dute, batez beste, enpresan, eta % 44k 60 urte baino gehiago ditu.

Aipatzekoa da murrizketa horiek ez dutela eraginik izango zuzendaritza-taldean eta arduradunetan; izan ere, talde hori % 466 hazi da, eta 3 pertsona izatetik 14 izatera pasatu dira, enpresak galera ekonomikoak zituela zioen aldian, alegia, 2015-2021 artean. Hau da, nahiz eta Conde Arestik arazo ekonomikoak argudiatu zenbait langileri murrizketak aplikatzeko, goi karguen lan baldintzak hobetu ditu soldaten % 20 eta % 65 arteko igoerarekin.

Negoziazioetan zehar, enpresak jakinarazi zuen 2005. urtean langileekin lortutako akordioa indarrik gabe uzteko asmoa zuela. Akordio horrek berekin zekarren langileek hitzarmen sektorialaren gainean zituzten soldata-hobekuntzak eta aldi baterako ezintasunekoak mantentzea. 2015ean, lortutako akordioak bete ez zirenez, ELAk akordioa bete ez izana judizializatu behar izan zuen, enpresa betetzen has zedin.

Langileen aldeko ebazpen judizialak akordioa osorik betetzera behartzen zuen enpresa, baina patronatuak beti adierazi du hura ezabatzeko asmoa; orain, pandemia egoera aprobetxatu nahi du arazo ekonomikoak argudiatuta, lan-eskubideak murrizteko inposatzeko.

Enpresa-batzordeak erretiro-adinean dauden langileentzako irteera-plan pizgarri bat proposatu dio zuzendaritzari, horietako asko akordio batera iristeko prest egongo liratekeela jakinda. Zoritxarrez, zuzendaritzak adierazi du, aurre-erretiroei buruzko akordioak lortu arren, murrizketen proposamenarekin jarraituko duela.

Hori dela eta, enpresa batzordeak greba mugagabea deitu du apirilaren 8tik, langileentzako neurri traumatikorik ez duen akordio bat lortu arte.



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.