2020-01-28 13:02
ELA-Ertzaintzako ordezkariak Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan bildu dira urtarrilaren 30eko greba orokorrari erabateko babesa adierazteko; gainera egungo politikak errotik aldatzea exijitu dute. Bestalde, ELA-Ertzaintzak Segurtasun Sailari greba eskubidea babesteko jarduera-protokolo publikoak eskatu dizkio. Legediak ez die ertzainei uzten greba-eskubidea egikaritzen.

ELA-Ertzaintzak adierazi nahi du egoera ikusita ezinbestekoa dela jauzi bat ematea lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokan. Horretarako konbentzimendu hirukoitz bat aipatu dute: batetik, pentsioen afera denona da, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa da; azkenik eskubide sozialak eta zerbitzu publikoak ezinbestez bermatu behar dira.

Bestalde, ELA-Ertzaintzak salatu nahi du Segurtasun Sailak eta Estatuko gobernuak ertzainen lan-baldintzetan eta pentsioetan oso modu negatiboan eragiten ari diren erabakiak hartzen ari direla. Honen adibide: eros-ahalmenaren galera, erretiro-primen eta Itzarriren murrizketa, karrera profesional exkaxa eta diskriminatzailea, langilerik eza eta plantillari bizkar ematen dion negoziazioa aurrera eramatea...

Azkenik, Segurtasun Sailari lan-arloko prestakuntza eskatu diote, Ertzaintzak langileen grebarako eskubidea babesteko gaitasuna izan dezan, eskubide horrek hirugarrenen aldetik jasan ditzakeen urraketen aurrean, bereziki gaur egun erantzun penalik ez duten enpresen mehatxu eta hertsapenen aurrean. Grebarako eskubidea oinarrizko eskubide zibil bat da, ertzaintzak ziurtatu beharrekoa, eta, horregatik, Segurtasun Sailari eskatu diote gizarte-mobilizazioak eta grebak ordena publikoko arazo soil gisa ez tratatzeko, eta horiek praktikan gauzatuko direla ziurtatzeko bitartekoak jar ditzala, gutxienez lanerako eskubidea babesten duen berme berarekin. Halaber, Sailari eskatu diote publiko egin ditzala greba eta mobilizazio sozialetan jarduteko protokoloak.

ELA-Ertzaintzak konpromisoa erakutsi nahi du zor zaion herriarekin, eta konpromiso horren erakusgarri da urtarrilaren 30eko greba orokorrari babesa ematea, pentsio, lan eta bizitza duin baten alde.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.