2020-04-08 18:01
ELAk kritikatu egin du El Corte Inglesek Aste Santu honetan Bilbo, Gasteiz eta Eibarko zentroak bi jaiegunetan irekitzeko hartutako erabakia. Batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritzaren sektorean nagusi izan diren usadio eta ohiturak baztertzen direlako, eta, bestetik, merkataritzako langileen atsedenerako eskubidea eta lana-familia bateragarri egiteko eskubidea defendatu nahi direlako. Kate komertzial honek gobernuaren gidalerroak ez ditu errespetatzen, akziodunen onura pribatua eta dibidenduak handitzeko helburu bakarra du. Osasun agintariek diote egun hauetan merkataritza ixteak nabarmen lagunduko lukeela Covid-19aren kutsatze maila jaisten, jarduera gelditu eta konfinamendua areagotuko litzatekeelako.

ELAk bide juridiko eta sindikal guztiak aztertuko ditu El Corte Inglesek bezala arduragabekeriaz jokatzen dutenei aurre egiteko, interes orokorraren eta langileen osasunaren gainetik irabazi nahia eta etekin pertsonala jartzen baitute. Halaber, dei egiten diegu herritarrei honelako jokabideei erantzun tinkoa eman diezaieten eta arduraz kontsumitu, pertsonen bizitza eta osasuna gutxisten dutenak boikotatuz.

Gaur bertan Eusko Jaurlaritzak, ohikoa ez duen moduan, eskatu du merkataritzako langileen eskubideak babes daitezela. Zehazki galdegiten du Aste Santuko jaiegunetan atseden eskubidea errespeta dadila, gure ongizatearen alde lanean ari direnen eta dendetan, supermerkatuetan eta farmazietan dihardutenen mesederako.

Bada, ELAk gobernuari eskatzen dio asmo onak agertzeaz gainera egin dezala egin beharrekoa: Ertzaintzari eta Udaltzaingoari agindua eman diezaiela beharrezko ez diren bidaiak eragotz ditzaten, bigarren etxebizitzetara joan nahian daudenak geldiarazteko egiten duen bezalaxe.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.