2020-04-07 11:39
Euskal Herriko, Galiziako eta Herrialde Katalanetako lau sindikatuk -ELA, CIG, LAB eta CSC- agiri bateratua atera dute osasun emergentzia honetan kapitalaren aurrean langile klasea babestu behar dela aldarrikatzeko. Lau sindikatu hauek otsailean agenda sozialaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpena plazaratu zuten; egungo abaguneak are eta gehiago nabarmentzen du agiri horretan jasotzen zena garatzearen beharra.

Testuingu honetan, sindikatu hauetako idazkari nagusiek -Mitxel Lakuntzak (ELA), Paulo Carrilek (CIG), Garbiñe Aranburuk (LAB) eta Carles Sastrek (CSC)- sinatutako agiriak argi uzten du osasun krisi hau kapitalismoaren krisiaren baitan kokatzen dela. Gainera, Covid-19ak eragindako krisi honek Euskal Herriaren, Galiziaren eta Herrialde Katalanen soberania gabezia agerian utzi duela gaineratzen dute.

Lau sindikatuek nabarmendu nahi dute herritarrak oro har eta bereziki hainbat sektoretako langileak -osasungintza, garbitasuna, adinekoen zaintza, elikagaiak, garraioa eta nola edo hala jendea artatzen dutenak- zer nolako konpromiso zibikoa ari diren erakusten; haatik, uste dute salatu beharra dagoela langile hauek lanean ari direla babesteko bitarteko nahiko eta egokirik gabe, eta ez dagoela aski langilerik eginkizun guztiei aurre egiteko.

“Krisiak agerian jarri du arlo publikoa zein garrantzitsua den eta azken aldiko murrizketek zenbateko kaltea eragin duten. Baina, gainera, frogatu digute pertsonen bizitza kokatu behar dela politiken erdigunean. Krisiak adierazi du lanbide feminizatuak direla prekaritaterik handiena eta aitortzarik eskasena dutenak; hain zuzen krisia amaiarazteko ezinbestekoak diren sektoreak. Sindikatuok ere salbuespenezko baldintzetan ari gara lanean. Horregatik dei egiten diegu gure afiliatuei lotura kolektiboak indar ditzaten eta modu aktiboan inplika daitezen jenderik ahulena defenditzeko, enpresetan zein hauetatik kanpo”.

IRAKURRI AGIRIA, OSORIK

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.