2018-09-06 09:51
ELA eta Aratekoaren bilera datorren asteartean, irailaren 11ean, izango da. ELAtik behin baino gehiagotan salatu dugu EPE honetan gertaturikoa ez dela izan gertaera bakana, sistema ustel baten erakusgarria baizik. Gertatzen ari dena ikusita, ekainaren 5ean salaketa bat aurkeztu zuen EAEko Fiskaltza Nagusian, EPEan gertaturikoa ikertzeko eskatuz. Era berean, ohiko prozedura bihurtu duen sistema ustel horrekin amaitzeko espezialitate medikoetako azterketeta batzu errepikatzea eskatu zuen.

 

ELAtik behin baino gehiagotan salatu dugu EPE honetan gertaturikoa ez dela izan gertaera bakana, sistema ustel baten erakusgarria baizik. Eta sistema ustel horretako agintean zerbitzuburu jakin batzuk daude, Osakidetzako Zuzendaritzaren babes osoaz. Horiek dira benetan kontrolatzen dutenak nor ariko den haietako bakoitzaren zerbitzuan, bai aldi baterako kontrataziopean, bai mugagabekoan, behin EPEa gainditu ondoren. Hori horrela izanik, enplegu publikoan aintzat hartu behar diren printzipioak ez dira aintzat hartzen, zerbitzuaren kalitatearen kaltetan. Hautaketa-sistema ustel baten kate-mailak dira.

Hala ere, Osakidetzak ez du batere borondaterik EPEaren espezialitate medikoetako azterketetan gertaturikoaz zorrozki ikertzeko, ezta EPE horretan gertaturikoa ohiko prozedura bihurtu duen sistema ustel horrekin amaitzeko ere.

Gogoratu beharrekoa da Osakidetzak EPEaren hiru kategoriako azterketak errepikatzea abiarazi duela. ELAk, horrekiko, honakoa esan behar du:

1.- Errepikapen hori berme guztiekin egin behar da independentzia, gardentasuna eta objektibotasuna— eta martxan jarri behar dira beharrezkoak diren tresnak etorkizunean printzipio horiek errespetatzen direla bermatzeko. Agerian geratu izan da indarrean egon den eta dagoen sisteman ez direla errespetatu.

2.- Errepikapen hori ez da izan behar aitzakia gertaturikoaz behar bezala eta zorrozki ez ikertzeko. Izan ere, ikerketa horren ondorioz erantzukizunak —politikoak zein penalak—, baleude, bilatu eta egotzi behar dira. Gaur egun Osakidetzak, Eusko Jaurlaritzaren konplizitatearekin, filtrazioak ukatzen jarraitzen du.

3.- Osakidetzak prozesuan alderdi izan diren epaimahai beren esku utzi du azterketak errepikatu behar diren edo ez erabakitzea, eta baita proba berriak kudeatzea ere. Prozesuaren independentzia eta objektibotasuna bermatzeko asmorik badago, azterketa berri hauetan, epaimahaiak ezin dira izan aurrekoetan parte hartu zuten berberak, horietan irregulartasunak egon direla onartu den hinean.

Uztailaren 13an jakitera eman genuen azterlanean argi eta garbi agertzen da horrelako praktikak ohikoak izan direla, eta bai aldi baterako kontrataziora, bai EPEen prozesuetara zabaldu direla.

Nahikoa da mediku espezialistak lanean ari diren zerbitzuetako plantillak aztertzea, berehala konturatzeko plantilla horien errealitatea ez datorrela bat, inondik inora, logikarekin edo estatistikarekin. Hizpide ditugun profesionalak MIR azterketa egin ostean zerbitzu batean hasi zuten prestakuntza, eta prestakuntza amaitu eta gero aldi baterako kontratatu zituzten beti zerbitzu beretan, eta azkenean EPE bidez plaza lortu zutenean, aipaturiko zerbitzuan lortu zuten.

Txiripazko segida hori hainbatetan errepikatu da denboran zehar.

Aipaturiko azterlanean, adibide moduan, 20 zerbitzu zerrendatu genuen, non esandakoa gertatu den.

Horrekin loturik, erakundeko behin-behinekotasunaren tasa handia (%38) dela ikusita, eta ondorioz profesionalen egoera larria dela jakinda, profesionalek ondoz ondoko aldi baterako kontratuak kateatu behar dituzte urte luzetan, plaza bat lortzeko benetako aukera izan arte. Azpimarratu behar dugu, halaber, behin-behinekotasun horren ondoriozko mugikortasuna itzela dela: kategoria ia guztietako profesionalak aldi baterako kontratu ugariak onartu beharrez daude, eta zerbitzu eta lantoki askotatik igaro behar dira. Horregatik, hain zuzen, Administrazio honetako ohiko araua mugikortasuna baldin bada, are harrigarriagoa da mediku espezialista horien egonkortasuna zerbitzu beretan.

Osakidetzak, orain arte, ez die jaramonik egin gure salaketei, eta honetan ere ez dio jaramonik egin aurkezturiko azterlanari.

Gertatzen ari dena ikusita, ekainaren 5ean salaketa-idazki bat aurkeztu genuen EAEko Fiskaltza Nagusian, EPEan gertaturikoa ikertzeko eskatuz.

Baina, lehen esan dugun bezala, EPEa sistema ustel bateko kate-maila besterik ez da; horregatik sistema osoa ikertu eta garbitu behar da goitik behera.

Horregatik, uztailaren 27an, bilera bat izan genuen Fiskaltzan, 20 zerbitzu horietan guk egindako ikerketaren berri emateko, eta mediku espezialisten hautaketa-sisteman dagoen iruzur sistematikoa aztertzeko.

Xede berarekin, datorren asteartean beste bilera bat egingo dugu Arartekoarekin.

Hautaketa-sistema hori indargabetu behar da behingoz, eta erantzukizunak, poltikoak zein penalak, baleude, dagozkionari galdatu beharko zaizkio.



 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.