2019-06-26 12:04
Ekainaren 27an PSEk eta PPk adostutako Euskal Poliziaren Legearen bosgarren testua bozkatuko da Eusko Legebiltzarrean. Desadostasuna adierazi du ELAk, onartzekotan, herri honek behar duen polizia-eredua eta lan baldintzak lortzeko bidean atzera egingo dela argudiatuta. Besteak beste, ez da polizia eredu hurbila bermatuko; botere publikoen menpekoa; euskalduna; behar bezala prestatua demokraziaren, kontzientzia sozialaren eta giza eskubideen baloreetan; eta lan baldintza duinekin. Hori dela eta, Parlamentuan ordezkaritza duten alderdiei kontra bozkatzeko eskatu die.

ELAk salatu bezala, legearen izapidetze-aldian Eusko Jaurlaritzak ez du inolako asmorik agertu testua ordezkaritza sindikalarekin adosteko. Testua ez zuten aurkeztu —eztabaidatzeko edo negoziatzeko—, Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean, Funtzio Publikoaren Euskal Kontseiluan, Ertzaintzaren Kontseiluan, ezta Udaltzaingoaren Koordinazio Batzordean ere. Hau da, ez zuten bete Polizia Legean ezarritakoa, ezta Funtzio Publikoaren Legean ezarritakoa ere.

ELAren iritziz oso beharrezkoa da oraingo legea aldatzea, baina testua EAJren, PSEren eta PPren artean adosturiko moduan onesten bada, atzera pausoa izango da herrialde honek behar duen polizia-eredua lortzeko bidean.

Testua oso urruti dago ELAk defendatzen duen eredutik: polizia-eredu zibil eta demokratikoa; hurbila; herritarrak babestuko dituena; gardena eta botere publikoen menpekoa; berme eta eskubide banako eta kolektiboekiko sentibera eta adeitsua; alderdien erabilera bidegabetik lokabea eta askea; euskalduna, behar bezala prestatua (demokraziaren, kontzientzia sozialaren eta giza eskubideen baloreetan); eta lan-baldintza duinak dituena. Negoziazio kolektiborako eskubidea ere bermaturik izan beharko luke.

Proposatu duten punta-puntako neurrien artean Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea sortzea dago. Jaurlaritzaren esanetan, Ertzaintzaren edo udaltzaingoen jokabide edo praktika batekiko herritarren kexak eta iradokizunak jasoko balira, batzorde sortu berriak aztertuko lituzke.

Poliziaren jarduera aztertu behar da, noski, eta gizartearen estamentu desberdinei (Parlamentua, Arartekoa, giza eskubideen nazioarteko erakundeak) kontuak eman behar zaizkie ere, baina batzorde horrek ez du funtzio hori beteko, hainbat arrazoi dela-eta: jardunbidea, osaera, izendapen-prozedura...

Lan-baldintzak

Legez baztertu behar da prekaritatea, dela kontrataziotik (egiturazko behin-behinekotasunari ez), dela lan-baldintzetatik (mugikortasun geografikoa, funtzionala).

Aurkezturiko testuan ez da bermatu negoziazio kolektiborako eskubidea, atea zabal-zabalik utzi zaio behin-behinekotasunari Auzitegi Gorenak orain gutxi esandakoari larriki eginez, enplegua finkatzeko prozesurik ez da bermatu, mugikortasun geografiko eta funtzionalaren aldeko apustua egin du, eta udaltzaingoen bigarren jarduera ez du arautu.

Hautaketa eta sarbidea

Oraingo ereduak gabezia larriak ditu. ELAk nahi duen polizia-ereduan, gutxienez, herrialdean dauden identitate guztiak ordezkatu behar dira (kultura-, hizkuntza-, nazio-, genero-arloetakoak); baina oraingo testuan ez da benetako aurrerapausorik eman norabide horretan, ez bada emakumeen aldeko ekintza positiboko neurriak abian jartzea. Neurri horiekin bat egiten du ELAk, baina ez du uste arrakasta handirik lortuko dutenik, lege berriak iraunaraziko duen oraingo polizia-ereduagatik, eta Sailaren eguneroko praxiagatik.

Prestakuntza

Oraingo legea eskasa zen, eta bosgarren aldaketak ez du aurrerapenik ekarriko. Bestalde, Arkauteko Akademia gainezka eta zentralizaturik dago, eta hori aitzakia ederra da birziklatzean eta etengabeko eguneratzean aurrera ez egiteko, erabat beharrezkoak izan arren.

Osasuna

Oraingo egoera oso prekarioa da, eta aldaketa horrek ez du aurrerapen handirik ekarriko.

Lanbide-karrera

Agenteen menpekotasuna nagusiekiko areagotuko da, nagusien irizpide subjetiboen eta aurrekontu-baliabideen baldintzapean geratuko baita, eta gainera, diskriminaziozkoa da, Administrazioko beste esparru batzuetan arauturik dagoenaren aldean, adibidez, Osakidetza. Udaltzaingoetan erakunde bakoitzeko zuzendarien erabakien menpean geratuko da, eta ez dago eperik benetako aplikaziorako.

Bestelako gaiak:

  • C-1 / C-2: Agenteen eta praktika-agenteen arteko soldata-diskriminazioa betikotu da. Lan berdinaren trukean 100€ gutxiago ordaintzen zaie hilean bigarrenei. Horren inguruan eman diren azken epaiak kontuan hartu gabe.
  • SAM: Ez da bermatu inoiz aplikatuko denik, kupoen ezarpenagatik.
  • LDak: Horren aplikazioa aurrera doa, zuritu gabeko postuetan hornikuntza-modu gisa.
  • Postuen balioespena: lege berriaren arabera postuei loturiko osagarriak aldatu ahal izango dira, aldez aurretik balioetsi gabe (nahierara).
  • Zerbitzu-eginkizunak: Goragoko kategorian emandako zerbitzuak dohainik izango dira aurrerantzean ere, hiru hilabeteko iraupena gainditu ezean.
  • Ezin da lansaririk finkatu, nahiz eta 3 urtez egoera horretan jardun.
  • Polizia judiziala: Segurtasun Sailaren esku geratuko da zerbitzu hori pertsonalaz hornitzea edo ez.
  • Udaltzaingoetan: 5 kategoriaraino sortu ahal izango dira, behin behinekotasunaren aldeko apustua eginez Auzitegi Gorenak esandakoari muzin eginez, horetaz gain esparru honetako diskriminazio-egoerak eta lan-baldintzetan galerak ugalduko dira.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.