2020-10-19 12:24
Azken hilabeteotan urtarrilaren 30eko greba orokorrean parte hartu zuten zenbait grebalari zigortu nahi izatea salatu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Gasteizko epaitegien aurrean egindako kontzentrazioan. Aldaketa soziala kriminalizatzeko saiakera dela baieztatu dute bertan. “Ez da onargarria eskubide sozialen alde dauden herritarrak zigortzea, kapitala pertsonen bizitzaren gainetik jartzen dituztenekin akordioak egiten diren bitartean”, azpimarratu dute. Lan eta bizi baldintzak pobretu eta prekarizatzen dituztenek herritarrak isilik egotera behartu nahi dituztela baieztatu dute eta lan, pentsio eta bizitza duinen alde mobilizatzen jarraituko dutela ohartarazi dute.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak urtarrilaren 30eko greba orokorrean parte hartzeagatik zigortu nahi dituzten grebalariei elkartasuna adierazi die eta lan, pentsio eta bizitza duinen alde mobilizatzen jarraituko dutela baieztatu dute.

Gogorarazi dutenez, urtarrilaren 30ean lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko greba orokorra deitu zuen Kartak, milaka langile eta herritar mobilizatuz. Konfluentzian zein elkarlanean egindako mobilizazio orokor horrek kalean eredu berri baten aldeko indar metaketa erakutsi zuen. Orduan bezala, gaur ere lan, pentsio eta bizitza duinak aldarrikatzen jarraituko dutela azaldu dute. Horretarako, besteak beste, politika publikoen lehentasunak aldatzea, indarrean dagoen eredu sozio-produktiboa eraldatzea, aberastasuna banatzea eta zerbitzu publikoak garatzea exijitu dute.

Egun indarrean dagoen eredua baztertu beharra dagoela adierazi dute, “kapitalismo patriarkal-ekozida politika neoliberalak edota murrizketak sustatzen dituzten alderdien errezeta delako”.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.