2020-12-04 11:13
Abenduaren 13an ere, Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleak betetzeko deia egin dute eragileek, azaroaren 28an Iruñean egin bezala, oraingoan EAEko instituzioei, honako aldarrikapen zehatzak exijitzeko: zerbitzu publikoak garatzea; zaintza eredua aldatzea; pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako HELean planteaturiko neurriak aintzat hartzea; 1080 euroko gutxieneko diru-sarrera bermatzea erretiroa hartua duten pertsonentzat; 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko gehienezko lanaldia bermatzea sektore publikoko azpikontrata guztietan; eta administrazio-egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa bermatzea. Proposamen honek suposatzen duen gastu igoera guztia eta sortuko den zor publiko guztia errenta altu, kapital-errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea exijitu dute.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak EAEko aurrekontuak ondasuna banatzeko, eskubideak bermatzeko eta zerbitzu publikoak garatzeko baliatzea exijitu du, bizitza lehenetsi beharra dagoela argudiatuta. Aurrekontuek burujabeak, parte-hartzaileak, feministak eta ekologistak izan behar dutela aldarrikatu du Bilbon, Euskadi Plazan egindako mobilizazioan.

Karta osatzen duten eragileek, beste behin ere, ozen adierazi dute bizitzak erdigunean kokatu nahi dituztela. “COVID-19ak sorturiko egoerak are eta ikusgarriago egin du Euskal Herriko Karta Soziala osatzen dugun eragileok etengabe salatu dugun krisi estrukturala (ekonomikoa, soziala, ekologikoa, zaintzena…) eta egoera hobetzeko beharrezko den eraldaketa soziala. Zoritxarrez, salbuespen egoera sortu duen osasun krisiak bere horretan jarraitzen du, sistema honek dituen gabeziak azeleratuz eta langile zein herritar sektore zabalen bizitzak prekarizatuz”, kexu dira.

Horregatik, mobilizazio dinamika bat martxan jarriz abiatu zuen Kartak ikasturtea, mobilizazio soziala funtsezkotzat jotzen baitu politikaren lehentasunak aldarazteko eta gehiengoaren alde jartzeko.

Kartako eragileen ustez, bidegurutzean gaude. “Elite politiko eta patronalaren artean erabakitzen ari dira datozen urteetako aurrekontu eta zerga politiken norabidea. Eta garbi dago egin duten hautua. Etengabe errepikatzen digute orain ez dela zergak igotzeko unea. Eta hori esan arren ondotxo dakite enpresa handiek Sozietateen Gaineko Zergatik ezer gutxi edo ezer ez dutela ordaintzen. Etekinak dituzten enpresek zerga gehiago ordaintzeko tarte handia dago, borondate politikoa da falta dena”.

Bide beretik, Kartak proposatzen dituen neurri sozialak bermatzeko aurrekontuetan dotazioak handitu beharko lirateke. Eusko Jaurlaritza, ordea, dago horretarako prest. Gogorarazi dute, oraindik zehaztuta ez badago ere, 2021eko aurrekontuak 2020koaren oso antzekoak izango direla. “Hau da aurrekontu kontinuistak izango ditugu, ezer gertatu ez balitz bezala”.

Gogorarazi dutenez, aspaldi esan zuen Kartak aurrekontu hauek ez zietela erantzuten pandemiaren aurretik ere bazeuden behar sozialei. “Aurrekontu hauek ez diote erantzuten herritarrontzat lehentasunezkoak diren beharrei: ez dituzte zerbitzu publikoak garatzen, ez dute babes soziala indartzen eta ez dute zaintza sistema publiko baterako urratsik ematen. Zer esanik ez orain sortu diren behar berriei”

Guzti honengatik, eta bizi dugun momentuaren larritasun eta garrantziagatik, inoiz baino beharrezkoagoa da Kartarentzat ondasunak banatzea, eskubideak bermatzea eta zerbitzu publikoak garatzea. Hori lortzeko ezinbestekotzat jotzen dute bizitzak erdigunean jarriko dituen aurrekontu sozial, burujabe, parte-hartzaile, feminista eta ekologista izatea. Eta horregatik, abenduaren 13an Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleak betetzera deitu dute, azaroaren 28an Iruñean egin bezala, instituzioei honako aldarrikapen zehatzak exijitzeko:

 1. Zerbitzu publikoak garatu.

 Zaintza lanen, osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek azpikontrataturiko zerbitzuen eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa, langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. Esparru hauetako lan baldintzak langile publikoen lan baldintzekin parekatzea. Horretarako beharrezko partidak bideratzea.

  • BPGaren %6 hezkuntzara bideratzea. Hezkuntza publiko, euskaldun, plural, laiko, doakoa eta aniztasuna integratuko dituena ardatz izango duen euskal hezkuntza sistema propio eta inklusibo bat berma dadin.
  •  BPGaren %7 osasungintzara bideratzea.

2. Zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea eta horretarako beharrezko partidak bideratzea.

3. Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako HELean planteaturiko neurriak.

  • DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a.
  • Etxebizitza eskubidea.

4. 1080 eurotako gutxieneko diru-sarrera erretiroa hartua duten pertsonentzat.

Pentsioak 1080 arte osatzeko neurriak hartu/partidak bideratu.a

5. 1.200 euroko gutxieneko soldata/35 orduko gehienezko lanaldia sektore publikoko azpikontrata guztietan bermatzea.

6. Proposamen honek suposatzen duen gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publiko guztia errenta altu, kapital-errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.

7. Administrazio-egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa bermatu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.