2020-06-10 11:31
Ekainaren 19an lau hiriburuetan eta hainbat herritan mobilizazioak deitu ditu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, zazpi alorretarako neurri zehatzak aldarrikatzeko asmoz.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak (sindikatu eta eragile ugari biltzen dituena) ekainaren 19ko mobilizazio anitzak deitu ditu, `Publikoa eta funtsezkoa zaindu, aberastasuna banatuz. Lehenik bizitza!´lelopean. Mobilizazio hauek lau hiriburuetan (Bilbo, Iruña, Donostia eta Gasteiz) goizean eta arratsaldean izango dira, eta beste herri askotan ere arratsaldean antolatuko dira.

Mitxel Lakuntzak eta Garbiñe Aranburuk, ELA eta LABeko idazkari nagusiak hurrenez hurren, Karta Sozialaren aldarrikapenak azaldu dituzte Donostian egindako agerraldi ireki batean, beste eragileekin batera. Hauexek dira, hain justu, proposatu diren zazpi alorretarako neurriak:

  • Zerbitzu publikoak garatu. Zaintza lanen (zahar egoitza, eguneko zentro, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat egoitza-elkate, adin-txikikoen bizileku eta etxez etxeko zerbitzuak), osasungintza publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek (hezkuntza publikoa, osasungintza...) azpikontrataturiko zerbitzuen (garbiketako, hezkuntzako monitoreak, jantokietako langile-hezitzaileak...) eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa langile guztien subrogazioa eta finkatzeko salbuespenezko prozedura bat bermatuz. Esparru hauetako lan baldintzak langile publikoaren lan baldintzekin parekatzea.
  • Zaintza eredua aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioek 10.000 lanpostu sortzea.
  • Pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako Herri Ekimen Legegilean (HEL) planteaturiko neurriak: DSBEa eta EBa gutxieneko solda- taren %100a eta etxebizitza eskubidea.
  • 1080 eurotako gutxieneko diru-sarrera erretiroa hartua duten pertsonentzat.
  • 1200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko gehienezko lanaldia.
  • Fiskalitate berria: Proposamen honek suposatzen duen gastu igoera guztia eta testuinguru honetan sortuko den zor publiko guztia errenta altu, kapital-errenta eta enpresen irabazien gaineko zergen kontura izatea.
  • Administrazio-egoera irregularrean eta ezkutuko ekono- mian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa.

Goizeko mobilizazioak:

  • BILBO: 11:30etan Udaletxean.
  • IRUÑA: 11:30etan Bus geltokitik.
  • DONOSTIA: 11:30etan Alderdi Ederren.
  • GASTEIZ: 11:30etan Foru Plazan.

Arratsaldeko mobilizazioak hiriburuetan:

  • BILBO: 19:30etan Moyuan.
  • IRUÑA: 19:00etan Gaztelu Plazan.
  • DONOSTIA: 18:30etan Bulebarrean.
  • GASTEIZ: 18.30etan tren geltokitik (Dato kalea).

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.