2020-01-27 14:02
ELAren ustez, akordioak ez die erantzunik ematen osteguneko Greba Orokorraren aldarrikapenei. Pentsioak 1.080 euroraino osatzean ez da ezer aurreratzen, ez 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzean, ezta Nafarroako Gobernuan prekarietatearekin amaitzean ere.

Sindikatuak EH Bilduren eta Nafarroako Gobernuaren arteko aurrekontu-akordioaren balorazio txarra egin du. Izan ere, akordio horren bidez 16,7 milioi euro handituko da gastu-muga; hau da, Nafarroako Gobernuak hasiera batean pentsatzen zuena baino %0,4 gehiago bertzerik ez (azkenean gastu-muga 4.256 milioi eurokoa izanen da). Begi bistakoa da horren kopuru txikiak ezin duela Gobernuaren aurrekontua soziala bihurtu.

ELAk berriz ere austeritate-politika bere gain hartzen duen aurrekontu baten mugez ohartarazi nahi du. Aurrekontu hori sakoneko zerga erreforma bati emandako ezezkoaren ondoriozkoa da. Gainera, akordioak ez du ia jaso Gobernua lotzen duen neurri sozialik. Testuan 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 eurorainoko pentsioen osagarria aipatzen dira. Hala ere, bi erreferentzia horiek arras alferrikakoak dira, ez baitute inola ere konprometitzen Nafarroako Gobernua. Alde horretatik, ELArendako deitoragarria da erreferentzia horiek itxaropen faltsuak sortu ahal izatea Nafarroako pertsona behartsuenengan; ELAren ustez sinatzaileek mezu oker bat bidali diote justizia sozial hobearen alde mobilizatzen ari den jendeari.

Horregatik guztiagatik, ELAk uste du akordio horrek ez diela erantzunik ematen osteguneko Greba Orokorraren aldarrikapenei. Pentsioak 1.080 euroraino osatzean ez da ezer aurreratzen, ez 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzean, ezta Nafarroako Gobernuan prekarietatearekin amaitzean ere. Beraz, esan daiteke neurri horien eta beste batzuen alde Greba Orokorrera joateko arrazoi bakar bat ere ez duela kentzen akordio horrek, hala nola 35 orduko lanaldia ezartzea, Administrazioak azpikontratatutako enpresetan subrogazioa bermatzea, errenta bermatuaren oinarria Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren %100ean finkatzea edo etxebizitzarako eskubidea bermatzea, azken horiek Nafarroako Gobernuaren esku baitaude.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.