2020-10-29 15:43
Egoera epidemiologikoa gero eta larriagoa izan arren, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak gure eskoletan osasuna zein hezkuntza prozesuak bermatzeko planifikazio, neurri eta beharrezko baliabideen inguruan sindikatuokin interlokuziorik gabe jarraitzeko asmoa dauka. Horregatik, ELAk urriak 30erako deitutako irakasle funtzionarioen mahaiko gai zerrendan “pandemiaren eboluzioa medio gure eskoletako egoera eta planifikazioa” sartzea eskatu behar izan du.

Azken asteotan pandemiaren eboluzioak oso egoera konplikatua ekarri digu. Ez da sorpresa bat; eta jada pasa den ikasturte amaieratik adituek aurreikusi eta gizarteratu bezala, udazkenarekin batera egoera epidemiologiko larri batean kokatu gara urrian.

Jaurlaritza bestelako mezu bat emateko ahaleginetan ari bada ere, gure eskolak ez daude errealitate honetatik kanpo. Hezkuntza saila ikasturte hasieratik gure eskoletako egoerari buruzko datuak jasotzen ari da, eta hauetako batzuk publiko egin ditu. Sindikatuari ordea, orain dela 2 aste informazio eguneratua, gardena eta integrala bidaltzeko eskaera espresua egin bagenu ere, ez dizkio datu hauek helarazi. Bestalde, publiko egindako datuak oso informazio mugatua eta sindikatuari heltzen zaion errealitatetik oso aldendua dagoena ematen dute. Itxitako ikastetxe zein gela kopurua zein den esatera mugatzen da Saila, honela covid19a gure eskoletan izaten ari den inzidentzia maila oso txikia dela aditzera emanez. Ez du esaten ordea, gela bat ixteko irizpideetan aldaketak egon direla, izan ere ikasturte hasieran positibo baten aurrean gela osoa isolatzen zen bitartean urrian inguruko kideak soilik isolatzen baitira; ez eta isolatutako ikasle, irakasle zein ikastetxeko gainerako langile kopurua ematen ere.

Informazioa modu partzial honetan emateak, eskoletan Covid19a izaten ari den inzidentzia maila erreala ezkutatzeko asmoa erakusten du, eta diagnosi egoki bat izatea, partekatzea eta egoerak eskatzen duen erantzuna bermeduna eta eraginkorra izatea ekiditen du.

Honi gehitzen zaio, urriak 30erako Hezkuntza Sailak deitu duen irakasle funtzionarioen mahai negoziatzaileko gai zerrendan ez dagoela jasota ez Covid19agatiko planifikazio, neurri eta baliabideen inguruko negoziaketa ez eta pandemiaren azken asteotako eboluzioaren aurrean gure eskoletako egoera zein hezkuntza sailaren asmoen inguruko gairik. Hau horrela, ELAk mahaiko gai zerrendan “pandemiaren eboluzioa medio gure eskoletako egoera eta planifikazioa” gaia barneratzeko eskatu dio.

Hau oso larria da. Eta Hezkuntza Sailaren aldetik, eszenatoki honen aurrean ere planifikazio, neurri eta baliabide aurreikuspenik gabe jarraitzen duela ondorioztatzera garamatza. Baita sindikatuokin inolako interlokuzio eta negoziaketarako borondaterik ez daukala. Bigarren olatuaren aurrean, Jaurlaritzak lehenengoaren pareko arduragabekeriaz eta aldebakartasunez jokatzen badu, osasuna eta hezkuntza prozesuak bermatzeko pisu guztia ikastetxeetako zuzendaritza, langile, zein familien bizkar gainean utziz berriro ere, onartezina den zuhurtzigabekeria izango da.

Bestalde, gai zerrendan 2021-2024 EPEaren gaia jasotzen den arren, ustez negoziatzailea den mahai aurretik jada publiko egin du hezkuntza sailak denboraldi honetarako deituko den lanpostu kopurua zein baldintzak. ELAk hezkuntza sailari arduraz jokatzeko, eta langileon ordezkariokin interlokuzio eta negoziaketa erreala abian jartzeko galdegiten diogu beste behin ere.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.