2018-11-30 13:46
Eusko Legebiltzarrean azaroaren 30ean onartutako Elkarrizketa Sozialaren Instituzionalizazioari buruzko Legez-Besteko Proposamenak patronalari beto eskubidea onartzen dio; aldiz, langileen ordezkaritzari dagokionez, %10eko ordezkaritza nahikoa da akordioak egiteko. Ondorioa argia da, joko-arau demokratikoak oztopo dira politika neoliberalak aplikatzerakoan.

Bai EH-Bildu zein Elkarrekin Podemos alderdiek egindako proposamenek langileen ordezkaritza demokratikoa errespetatzea eskatu zuten. EAJk, PSE-EEk eta PPk ez dute halakorik onartzen; hori bai, patronalaren esparruan ez dute enpresarien ordezkaritza neurtzeko biderik ezartzen eta Confebask patronalari enpresarien ordezkaritza monopolizatzen uzten diote, modu honetan organizazio horri beto eskubidea emanez.

ELAren ustez Elkarrizketa Sozialaren Instituzionalizaziorako Dekretu proposamenak argi erakusten du Eusko Jaurlaritzak parte-hartze instituzionalerako esparruak zertarako erabili nahi dituen: bere politikak legitimatzeko espazioak dira. Haatik, patronalak nahi partikularrak dauzkanean mahaitik kanpo adosten dira, eta eragile sozialek politika horien kontrako iritziak baldin badituzte, euren ordezkaritza alboratzeko bideak ezartzen dira, akordioa lortzeko %10eko ordezkaritza duen erakunde baten aldeko botoa nahikoa izateko punturaino.

PSE-EEren ordezkariak Legebiltzarrean defenditutakoak argiro erakusten du bere alderdiak zuzendutako Lan Sailaren nahia, gutxiengoan dauden sindikatuen botoa nahikoa izatea akordiotara iristeko ondorio logikoa da. Hau da, Elkarrizketa Sozialaren helburua ez da iritzi kontrajarriak mahaigaineratzeko esparru bat izatea; helburu bakarra kontsentsu neoliberala indartzea da.

Eusko Autonomi Erkidegoan Elkarrizketa Sozialeko mahaia martxan jarri zenetik ez da langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko akordio bat bera ere lortu. Bien bitartean, lan istripuak ekiditeko baliabide publikoak urriegiak dira, zerga politika kapital errenten alde lerratzen da, soldata arrakalarekin amaitzeko greba mugagabeak martxan jartzera behartuta gaude...

Legebiltzarrean gertatzen den bezala, gure eremuan ere akordioetarako gehiengoa izatea ezinbesteko baldintza demokratikoa da. Sindikatuok gure zilegitasuna lantokietan lortzen dugu, eguneroko lanean eta hauteskunde sindikaletan. ELA ziur da hauteskunde sindikalen epealdi honetan bere zilegitasuna are gehiago indartuko duela. Legebiltzarrean martxan jartzen diren politikak neurri handi batean ez zaizkigu gustatzen, baina ez dugu hori aurrera eramateko alderdien zilegitasuna zalantzan jartzen. Sindikatuokiko jarrera autoritarioak bat egiten du politika neoliberalak aurrera eramatearekin. Horregatik, berriz ere eskatzen dugu Elkarrizketa Soziala Instituzionalizatzeko Dekretu proposamena bertan behera uztea, joko arau demokratikoak hautsiz langileen kontrako erabakiak legitimatzeko espazioa izango da eta.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.