2020-09-14 11:09
ElEAJk eta PSE-EE/PSOEk Jaurlaritza berria eratzeko sinatu duten akordio programatikoa kezkatzekoa da ELAren iritziz. Ez du ia neurri konkreturik aipatzen, eta agertzen diren urriak dauden beharrizan sozialei erantzunik ez emateaz gainera (are gutxiago pairatzen ari garen Covid-19 pandemiaren eraginak aintzat hartuz gero), azken urteetan ezarritako politika neoliberalak areagotuko direla aditzera ematen dute.

ELAren iritziz dokumentutik honako ondorio nagusiak atera daitezke:

1. Aipatzen dituen gai gehienetan ez du neurri konkreturik jasotzen. Dokumentuaren 91 orrialdeak aipamen orokorrez josita daude, planak eta programak iragartzen dira, baina ez da ezer esaten horien mamia zein izango den.

2. Zehazten diren puntu gutxietan argi geratzen da murrizketa politikari eta arlo publikoan prekarietatea hedatzeko joerari eutsiko diotela. Hona bi adibide:
DSBE erreformatzeko asmoa dute, eta aurreko legealdian gobernuko bi alderdiek aurkeztu baina aurrera atera ezin izan zuten lege-proposamenaren ildotik doaz: Dagoeneko DSBEaren zenbatekoan aplikatzen diren murrizketari eutsi nahi diote; gogoratu beharra dago 2008ko legearen arabera zenbatekoaren erreferentzia Lanbidearteko Gutxieneko Soldata izan behar dela.
Hitza ematen dute Osakidetzan 2020-2024 epealdian 4.000 lanpostuko deialdiak egingo dituztela LEP bidez. Bada, kopuru horrekin ez dira osatzen ez eta sektorean izango diren jubilazioak ere; beraz, iragartzen ari dira Osakidetzako prekarietatea (honez gero %40koa) areagotzeko intentzioa dutela.

3. Enplegu politikak kontinuistak dira; aldi baterako eta lanaldi partzialeko enpleguari aurre egiteko planak aipatzen dira, baina patronalari beto eskubidea eman nahi diote Elkarrizketa Sozialeko Mahaian. Horrela kontratuetan izan ohi den iruzur maila handia ontzat ematen da. Ezin da ahaztu, bestalde, Mahai haren arauek gehiengo sindikalen jokoa urratzen dutela.
4. Zerga-politikaren erreforma baztertzen da. ELGEk berak ere gomendatu berri du aberastasunaren eta kapitalaren gaineko zergak igo behar direla. Diru-bilketa gainbehera doalarik, akordioak konpromiso programatikoetan zerga-politikaren  aipamen bat ere ez du egiten. Euskal erakundeen eskuduntza nagusia, fiskalitatea, aipamen generiko huts bat besterik ez da akordioaren sarreran; gainera, aipamen horretan argi adierazten da Eusko Jaurlaritzak baztertu egin duela bizi dugun egoeraren araberako zerga-erreformaren bat egiteko aukera. ELAk oso larria deritzo honi,  sakoneko zerga-erreformarik gabe epe laburrean murrizketak ezinbestekoak gertatuko baitira, 2008ko finantza krisiaren ostean bezalaxe.
5. Aurrekontu politikan erabakitzeko aukerari uko egiten dio. Izan ere, akordioak ez baitu planteatzen Aurrekontu- eta Finantza-Egonkortasun Legeak eragindako egoera atzera utzi beharra; bere horretan, Madrilek finkatzen ditu gastu-sabaia eta euskal erakundeen defizit eta zor publikoaren mugak. Hots, Madrilek erabakitzen du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontua. Gobernu batentzat oinarri-oinarrizkoa den gai hau horrela jorratzeak beste behin ere agerian uzten du lege-marko honek berarekin dakartzan ajuste politikekiko konplizitatea.
6. Ez dago aurrekontu konpromisorik Osasun eta Hezkuntza arloetan. Bi eremu hauetako atalak deigarriak dira Covid-19aren krisiarekin inolako loturarik ez dutelako egiten. Esaldi orokor hutsak, neurri zehatzak hartzeko konpromisorik gabe, edota beharrezkoak diren aurrekontu eta bitarteko material zein pertsonalak gehitzeko asmorik gabe. Eremu hauekiko neurririk ez jasotzea are deigarriagoa da egungo testuinguruan, eta argi uzten du kudeaketa eredu bat agortu egin dela, propagandarekin benetako ekintzen gabezia estaltzen saiatzen den eredua alegia.
7. Ez da aipatzen Gizarte-Zerbitzuen Sistemaren hobekuntzarik. ELA aspaldidanik ari da aldarrikatzen legez bermatu behar dela menpekotasun eta zaintza beharrizanen estaldura, sistema publiko, unibertsal eta doako baten bidez. Egungo errealitatea guztiz eskasa da, eta koronabirusaren krisiarekin nabarmen geratu da, batik bat zahar-etxeei dagokienez. Gobernu akordioan soilik esaten da dagoena mantendu behar dela (oraingo “prestazio eta zerbitzuak bermatu”), eta zentro asistentzialak arautzen dituen dekretua behin bakarrik aipatzen da: zertarako, eta “kontzertazioa arautzeko”; baztertu egiten da azpikontratatuta dauden zaintza zerbitzuen publifikazioa, zeina beharrezkoa den.
8. Klima aldaketaren borroka aipamen bat besterik ez da testuan. Gobernu akordioak ez du ezer esaten beharrezkoa den euskal eredu produktiboaren eraldaketari buruz, eredu hori beharrizan sozial eta ekologikoei egokitze aldera. Aitzitik, orain artekoari eutsi nahi diote (esaterako, AHT edota Burdinbidearen Hego-Saihesbidea bultzatuz, garraio publikoa garatzeko eta eskualdeak euren artean konektatzeko neurri konkreturik ez aurreikusiz…).
9. Emakunde Lehendakaritzaren ardurapetik kendu dute. Gobernu akordioan ez da gai hau aipatzen, baina Jaurlaritzaren egitura berrian Emakunde Gizarte Politiketako sailera pasa dute. ELAk erabaki honi oso gaizki deritzo, eragotzi egiten baitu politika feministak zeharkakoak izatea eta gobernuen ekintzaren ardatz izatea. Noski, honek ez du inola ere esan nahi orain arte arlo honetan gobernuak eta Emakundek egindako ibilbidea ontzat ematen dugunik.
10. Politika industriala, talde korporatibo jakin batzuen interesen menpe. Ez dago borondaterik industrian eta sektore estrategikoetan esku-hartze publikoa indartzeko. Behin eta berriz aipatzen da “lankidetza publiko-pribatua”, eta euskal enpresen nazioarteratzeko ereduaren alde egiten da, horrela deslokalizazioa erraztuz eta praktikan bertokiratzea baztertuz, honen beharra covid-19aren krisiarekin agerian geratu den arren.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.