2019-03-01 12:20
ELAk protesta ekintza antolatu du Eudelen aurrean. Udaltzaingoan dagoen langile faltaren eta prekarizazioaren aurrean ELAk udal bakoitzak bere lan-poltsa berehala martxan jarri dezala exijitu du.

Duela 2 urtetik hona, Eusko Jaurlaritzak egindako diseinu baten barruan, Udaltzaingorako sarrela, udal ezberdinetarako bateratua den EPE baten bitartez egiten da.

ELAk behin baino gehiagotan salatu du EPE eredu honekin, prozesua bera bateratu egiten dela baina baita udaltzaingo ezberdinak bateratu eta uniformizatu egiten direla ere. Gainera, hautaketa zentralizatu egiten da eta langilea bizi eta lan egiten duen tokiak urrun egoteaz gain, inguruaren ezinbesteko ezagutza ez da bermatzen.

EPE bateratu hau, ELAk defendatzen duen Udaltzaingo ereduarekin talka egiten du. Gertuko Udaltzinao bat, deszentralizatua eta herritarrengandik gertukoa izango dena, udalerriaren eta biztanleen berezitasunak ezagutu eta ulertzen dituena (Euskera ezagutza mailak, herriaren ezagutza, udal ordenantzen ezagutza…).

Guzkti honi, gehitu behar diogu, ehunka udaltzainen aurre jubilazioa ahalbidetzen duen Dekretua eta honek udaletan sortu duen eta sortzen ari den langilego falta. Honen aurrean, Eusko Jaurlaritzak, gure udalen babesarekin, bitarteko bezala lan egiteko estrukturatua zegoen lan poltsan irregulartasun larriak egiten ari dira. Poltsa honen inguruan, ondorengoa salatu nahi dugu:

  • Lan poltsa, 2014 urtean sortu zen eta hautaketa prozesu bakarra izan du eta aspaldi ez dago udaletan behar adina langile, dauden beharrei behar bezala erantzuteko.
  • Ondoren, hautaketa prozesu gehiago ez egitea erabaki zuten eta lan poltsa horretan, beste EPE eta poltsa batzuetan prozesuak gainditu baina plazarik atera ez zuten pertsonekin osatzen hasi ziren. Ertzaintzako EPEa, Udaltzaingoko EPE bateratua eta udalerrietako beste EPE eta lan poltsatakoak (Gasteiz, Bilbo…).
  • Lan poltsa, betekizunak betetzen zituzten langilerik gabe geratu zenean, Euskera perfila derrigorrezkoa zen lanpostuetan lan egitera Euskera perfilik gabeko langileak bidaltzen hasi ziren.
  • Eta azkena, EPE bateratuko hautaketa prozesu osoa gainditu ez duten langileak deitzen hasi dira udaltzain bezala lan egiteko.

Gainera salatu nahi dugu, EPE bateratuen diseinu honekin batera, udaltzaingoko langileen lan baldintzen izugarrizko prekarizazioa ari dela ematen. EAE osoan desplazamentuak onartzeko derrigortasuna, honek dakarren arriskuarekin eta soldaten prekarizazioa. Gaur egun Arkauten formakuntzan dauden udaltzain askok, 500 euro inguru garbi bakarrik jasotzen dituzte 7 hilabetetan zehar. Gasteiz, Barakaldo, Portugalete, Errenteria, Ermua, Abanto, Sestao, Amorebieta edo Erandioko udalek, beraien langileak lanbide arteko soldata minimoaren azpitik ordaintzen die langile hauei.

Horrela, akademian bertan dauden udaltzainen artean diskriminazioa sortzen da, Bilbo, Donostia, Zarautz, Arrasate, Eibar, Tolosa edo Gorlizko udaletako formakuntzan dauden udaltzainek, dagozkien soldata osoak kobratzen baitituzte.

Langile hauek, egunero Arkautera joateak sortzen dituen gastuak beraiek ordaindu behar dituzte (kilometraia, gasolina, peajeak, dietak…), udaletxe batzuetan izan ezik, Santurtzi, Basauri, Pasaia, Eibar, Gernika edo Plentziako udalek bere gain hartzen dituzte gastu hauek. Besteek, 500 euro garbi eta gastu guztiak ordaindu behar.

Azpimarratu nahi dugu, gaur egun, EAEko Udaltzaingo ezberdinetan, %35etik gorako behin behinekotasuna daukagula, UDALHITZ, sektorean erreferentzia den lan hitzarmenak, behin behinekotasun hau %6ra mugatzen duen arren. EPE bateratuko eredu honekin, ez da behin behinekotasuna jaisterik lortzen, eta ez dira behin behinekotasuna jaisteko baliagarri izango lirateken lanpostuen egonkortasunerako prozesuak zabaltzea ahalbidetzen.

Salaturikoa oso larritzat jotzen dugu eta ELAtik berriz ere exijitzen diegu gure udalei irregulartasunez beteriko EPE eta lan poltsa bateratuko eredutik irteteko, eredu honek ez baitie onurarik ekartzen ez langileei, ez ematen den zerbitzu publikoari eta ezta askotan defendatzen dutela esaten duten polizia ereduari ere. Gainera, instituzio bakoitzari dei egiten diegu bakoitzak bere EPE eta lan poltsak matxan jarri ditzatela.

Gainera, gure udalei exijitzen diegu, udaltzainei dagozkien soldata osoak ordaindu ditzatela, langile hauek jasaten duten soldata prekarizazioarekin bukatzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.