2018-12-06 13:36
Errentaren banaketa analizatzeko hainbat indize, adierazle, koefiziente etab. daude. Kasu honetan erabiliko dugun tresna lan eta kapital errentek Barne Produktu Gordinean (BPG) duten pisuaren bilakaera aztertzea izango da eta horretarako Eustatek ematen dituen estatistikak erabiliko ditugu. Informazio partziala dugun arren, kapitalaren metaketak errenten arteko desberdintasunak aregotzen dituela erakutsiko da. ELAk emandako datuen arabera, 2009tik hona soldatek pisua galdu dute. 2.000 milioi galdu dute azken hamarkadan.

EAEko lan errentak 2017an 34.986,7 milioi eurokoak izan ziren. Zifra horrek 2016koa baino %3,5 gehiago suposatu zuen arren, soldaten pisua ekonomia osoan BPGaren %47,39ra erori zen, azken urteetako ehuneko baxuena. Krisia hasi ondoren, 2009an, lan errentei bideratzen zitzaien EAEko errentaren zatia %50,29an zegoen, baina urte hartatik aurrera murrizten joan zen 2017ko mailara heldu arte.

Joera hori ez da azkenengo krisian bakarrik gertatu den fenomenoa, kapitalismoaren dinamika propioa da, hala ere egia da krisiarekin nabarmendu egin dela. 1985 urtetik soldatapeko ordainsarien pisua murrizten joan da urtez urte. Urte horretan lan errenten pisua Barne Produktu Gordinaren %55,5ekoa izan zen, 2017an baino dexente handiagoa.

Soberakin gordina edo kapital errenta (ustiapeneko soberakin garbiaren eta kapital finkoaren kontsumoaren batura) 2017an, aurreko urtekoa baino %4,03 handiagoa izan zen, soldaten igoera baino puntu erdi gainetik. 2009 eta 2017 urteen artean, kapital errentak %18,18 igo ziren, 4.794,3 milioi euroko hazkundea suposatu zuen horrek. BPGarekiko ehunekoa, soldatei gertatu ez zitzaien bezala, 1,73 puntu hazi zen, %40,48tik %42,21era igaroz.

Laburbilduz, soldatei bideratutako errenta zatia, kapital errentena baino 10 puntu handiagoa zen 2009an. Zortzi urte beranduago, 2017an, diferentziak hein handi batean murriztu ziren ia %5 izateraino heldu arte (Ikusi ondorengo grafikoa).

 

Ondorioak

ELAk salatu duen bezala, alor ezberdinetan aplikatzen diren politikak (aurrekontuak, fiskalak, lan erreformak edo negoziazio kolektiboa eta abar) dinamika kapitalistan eta bere fase metakorrean daude kokatuta, horrek errentaren banaketa injustuagoa eta desberdintasunen areagotzea eragiten du.

Irabazi tasaren tendentzia murrizkorra bere limitera heldu zen 80. hamarkadan, horrek fase keynesiarrarekin bukatzea eta fase neoliberalaren hasiera eragin zuen. Fase berri honek errenten arteko desberdintasunak areagotu zituen, 2008ko krisiak gainera, egoera gehiago estutu zuen desberdintasunen areagotze hori oraindik handiagoa eginez.

Artikulu honetan aurkeztutako datuek lan errenten pisua BPGean izugarri erori dela eta kapital errenten pisuaren hazkundea egon dela erakusten dute. Lan arloari dagokionez, aipatutako emaitza horren ondorio eros ahalmenaren galera, lan eskubide eta baldintzen murrizketa eta enpleguaren suntziketa izan dira. Laburbilduz, gutxiengo baten irabaziak, langile klasearen kaltetan.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.