2020-05-25 12:12
"Hezkuntza Sailaren arduragabekeriaren eta irizpide aldakorren aurrean", oso ikastetxe gutxik erabaki dute aurrez aurreko ikasketak abian jartzea. ELAk iragarri du adi jarraituko dutela hurrengo egunetan, zentro bakoitzeko aurrez aurreko itzulera osasun-bermeekin egingo dela ziurtatzeko. Era berean, sindikatuekin ikasturte-hasierako plangintza eta osasun-neurriak adostea eskatu diote berriz ere Hezkuntza Sailari.

Eusko Jaurlaritzak maiatzaren  25ean EAEko ikastetxeak pixkanaka berriro irekitzeko aurreikusitako datan, oso gutxi izan dira irekitzearen alde egin dutenak. Eta hala egin dutenek, gaineratu dutenez, oso ikasle talde mugatuentzat egin dute, batez ere errefortzu bat eskatzen duten ikasleentzat eta/edo Batxilergoko 2. urteko ikasleentzat, EBAUren azterketa prestatzeko. "Datuak mahai gainean jarrita, esan dezakegu, Hezkuntza Sailak ez bezala, ikastetxe gehienek ikasturte amaierako planteamenduak egitea erabaki dutela, sindikatuok helarazi genuen proposamenaren ildotik", adierazi du ELAk. Gogoratu behar da maiatzaren 22an ELAk, Steilasek, LABek, CCOOk eta UGTk proposamen zehatz bat igorri ziotela Eusko Jaurlaritzari, "Itzulera segurua, adostua eta kalitatezkoa" lortzeko. Bilera horretan, Hezkuntza Sailari eskatu zioten negoziatu eta adostu zezala langileen ordezkariekin ikasturtearen amaierarako plangintza, baita horretarako baldintzak ere, eta indarrik gabe utz zitzala negoziazio-prozesu hori gertatzen ez den bitartean hartu dituen aldebakarreko erabakiak.

Salatu duenez, sindikatuen eta, oro har, hezkuntza-komunitate osoaren gaitzespenak eta presioak Hezkuntza Saila hasierako erabakiak aldatzera behartu badute ere, "Oso larria eta arduragabea izaten ari da ikasturtearen amaiera berezi honi begira egiten ari den kudeaketa. Gobernua etengabe ari da hezkuntza-eragileekin adostu gabeko alde bakarreko erabakiak hartzen ".

Azkenik, ELAk salatu du, zentro bakoitzaren autonomiaren aitzakian, Eusko Jaurlaritzak zentro bakoitzaren esku utzi nahi dituela itzulera presentzialaren baldintzen erantzukizuna eta pisua. Hala ere, gaineratu du oraindik ikastetxe askok ez dutela hezkuntza-ikuskaritzaren erantzunik jaso beren itzulera-planaren aurrean, eta, beraz, ez dakitela beren itzulera-planak Sailaren oniritzia duenik ere.

Gauzak horrela, ikasturte amaiera honi eta Gobernuaren arduragabekeriaren ondoriozko egoerei adi egoteaz gain, Hezkuntza Sailari exijitu diote langileen ordezkariekin negoziatu eta adostu ditzala hurrengo ikasturtea hasteko plangintza eta baldintzak, baita segurtasun- eta osasun-neurri eta -protokoloak ere.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.