2020-06-25 17:43
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTk Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean deitutako elkarretaratzean salatu dutenez, Cristina Uriartek maiatzaren 7an EAEko ikastetxeetarako eskola presentzialetara bueltatzeko eta ikasturte amaiera arautzeko plana aurkeztu zuenetik, Hezkuntza Sailaren kudeaketa "negargarria izan da, aldebakarrekoa eta negoziatu gabekoa”. Gehitu dutenez, erabaki horiek guztiek kalte egin diete langileei, ikasleei eta familiei".

EAEko Hezkuntza Publikoko langileek kontzentrazioa egin dute Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean, Cristina Uriarteren sailari hurrengo ikasturtearen hasiera negozia dezan eskatzeko, ikasleek eta irakasleek parte har dezaten.

Mobilizazioa deitu duten ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTk Cristina Uriarte buru duen Sailari leporatu diote erabakiak “alde bakarrez hartzea, azalpenik eman gabe, erantzukizunik hartu gabe eta pandemiak sortutako salbuespen-egoera baten kudeaketan buru izan gabe”. Salatu dutenez, Hezkuntza Sailak ez ditu langileen ordezkariekin negoziatu nahi izan ikastetxeetara eta aurrez aurreko ikasketetara itzultzean hartu beharreko segurtasun- eta osasun-neurriak, eta ez ditu hezkuntza-sareetarako irizpide komunak negoziatu". Jaurlaritzak astez aste aldebakarrez hartutako erabaki asko gerora atzera bota behar izan dituztela gogorarazi dute, batez ere hezkuntza-komunitatearen presioagatik, hala nola maiatzaren 18an aurrez aurreko ikasketetara itzultzeko erabakiarekin gertatu zen bezala.

Ikasturte amaiera horren aurrean, EAEko hezkuntza-arloko sindikatu guztiek bilera bat eskatu zuten 2020/2021 ikasturtearen hasiera adostu eta negoziatzeko. Era berean, Hezkuntza Sailari zuzendutako proposamen-dokumentu bat erregistratu zuten, datorren ikasturtearen hasierako plangintzan kontuan hartu beharreko puntuak jasotzen zituena. Proposamen horretan, ohiko ikasturte-hasierari buruzko ideia alde batera utzi zuten, eta langileen ordezkariekin hurrengo ikasturteko plangintza orokorraren benetako aurreikuspena partekatzeko, negoziatzeko eta adosteko eskatu zuten, bai eta agertoki erreal eta baliabideena, segurtasun-neurriena eta egoera bakoitzari begirako baldintzena ere.

Sindikatuek nabarmendu dutenez, oraindik ez dute erantzunik jaso, are gehiago, euren iritziz, "hezkuntza arloko beste eragile batzuekin eseri eta hitz egin badute ere, sindikatuak gutxietsi egin gaituzte".

Azpimarratu dutenez, Hezkuntza Sailak ezin du "COVID-19k sortutako egoeraz baliatu alde bakarreko erabakiak hartzen jarraitzeko eta oinarrizko zerbitzu publikoa, hezkuntza, alegia, ahultzeko". Gaineratu dutenez, azken hilabeteetan gertatutakoak zerbitzu publikoak inoiz baino gehiago indartzeko garaia dela argi utzi badu ere, "ez dirudi Hezkuntza Sailak hezkuntza sistema indartzeko asmorik duenik".

Sindikatuak kezkatuta daude hezkuntza publikoarekin, uste baitute zenbait erabaki murriztaile aplikatu direla, datorren ikasturteari begira murrizketa gogorragoen aurrekari izan daitezkeenak; besteak beste, IRALE ikastaroak bertan behera uzteko asmoa edo ikastetxeetara lekualdatutako lanpostuen zerrendetan aurreikusitako lanpostuen suntsiketa.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.