2020-01-09 15:01
Eusko Jaurlaritzak publikatu egin du Euskal Polizian (ErtzaIntzan eta Udaltzaingo ezberdinetan) lan egin ahal izateko hautaketa prozesuaren oinarriak. Honela Eusko Jaularitzak azken urteetan bilatu duen helburua lortu du: bai Ertzaintzarako eta baita udaltzainerako lanpostuak betetzeko hautapen prozesu bakar bat egitea.

Gainera, 111 lanposturen eskaintzarekin inolaz ere ez da konpontzen udalerri horietan udaltzaingoaren barnean dagoen enpleguaren egoera larria eta ez da betetzen Poliziaren Legea emakumeen sustapenari dagokionez; izan ere, ez du bermatzen plazen% 25 emakumeek beteko dituztenik. Hautapen prozesu honetan Ertzaintzarako 700 lanpostu eta 26 udalerritan udaltzaingotarako 111 lanpostu eskainiko dira. Prozesu honetara atxikitu diren udalerrien zerrenda, honakoa da: Bilbo (48), Donostia (1), Abadiño (1), Amorebieta (1) Amurrio (2), Andoain (3), Arrasate (6), Balmaseda (1), Barakaldo (1), Berango (3), Eibar (1), Elgoibar (2), Erandio (2), Ermua (4), Gernika (3), Gorliz (1), Karrantza (1), Legazpi (2), Leioa (4), Mungia (1), Muskiz (2), Santurtzi (6), Tolosa (4), Ugao (1), Urretxu (2) eta Zarautz (7).

Prozesua bakarra izango da, eta prozesua gainditzen dutenak hautatu ahal izango dute lan egin nahi duten instituzio edo udalerria. Hau da, hautapen prozesua bera izango da Ertzaintzarako, Bilboko udaltzaingorako, Arrasate, Andoain edo Karrantza bezalako herrietarako.

Honela Eusko Jaularitzak gaur egun indarrean duen Ertzaintzako eredu poliziala udaltzaingoan zabaltzeaz gain, ertzaintzarako hautapen prozesura aurkezten diren pertsona eskasia, hau da ateratzen diren lanpostu guztientzako hiritar gutxi aurkeztea ezkutatzen du; eta honela ezinbestekoa den Segurtasun sailetik bultzatzen den eredu polizialari buruzko eztabaida ekidin egiten du.

ELAk ere salatu nahi du udalerri hauek egiten duten hautua, nahiz eta udalerri hauetako askok gure ordezkariei adierazi Segurtasun sailak bultzatzen duen ereduak ez duela funtzionatzen. Udalerri hauek Eusko Jaurlaritzari men egiten diete eta Udaltzaingo ezberdinak itolarrian dauzkate. Datu bezala aurreko EPE bateratuan baino 10 udalerri gutxiagok bat egin dute prozesu honekin eta 160 plaza gutxiago ateratzen dira, nahiz eta egun lanpostuen %25a bete gabe eta beteta dauden lanpostuen %30a behin behineko langileekin beteta egon.

Gainera, ez du udaltzaingo ezberdinetan egunerokoan bizitzen ari den enpleguaren egoera prekarioari irtenbiderik ematen. Demostratuta dago eredu honekin ez dela lanpostuen egonkortasuna lortzen, kontrako bidea jorratzen baita prekarietatea larritu eta sistematizatuz.

Adibide bezala, Zarautzen, 41 lanpostutatik 10 hutsik daude eta 20 behin-behineko langileak dira, eta EPE honetan, 30 hauetatik 7 besterik ez dira eskainiko. Edo Abadiñon, 9 lanpostuetatik 4 hutsik daude eta bat bakarra eskaintzen da.

Gainera, ez da betetzen Euskal Poliziari buruzko Legearen 47.bis artikulua. Horren arabera, emakumeek eta gizonek aukera berdinak izango dituztela bermatu nahi da; izan ere, nahiz eta plaza guztien% 25 emakumeentzat izan, ez da bermatzen toki-erakunde bakoitzean eta Ertzaintzan plazen % 25 emakumeentzat izango denik, Poliziaren Legeak ezartzen duen moduan.

Bestalde, udalerrien konpetentziei erabat uko egiten dute gainera, udaletan, negoziazio kolektiborako eskubidearen urraketa larria ematen da langileen ordezkariekin adostasunik gabe onartuko baitute udalek EPE bateratura atxikitzea.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.