2020-06-22 12:10
ELAk behin eta berriz salatu du Donostiako Topo edo Metroa eraikitzeko langileak segurtasun eta osasun baldintza oso txarretan ari direla.

Azken urtean ELA sindikatuak sarri salatu izan ditu Topo edo Metroa egiteko lanetan gertatzen diren abusuzko eta legez kanpoko lanaldiak, gehiegizko lan erritmoak eta lan- eta zirkulazio-prebentzio eta segurtasun arauak ez direla betetzen; hau legehauste onartezina da, eta gertatzen diren etengabeko lan istripuak ari da eragiten.

Metroko lanak itsu-itsuan eta modu kaskarrean ari dira egiten, egoera oso txarrean dauden ibilgailu, makina eta tresnekin; honek langileentzako zein Donostiako biztanleentzako arrisku larri eta berehalakoa ekar dezake.

Betetzen ez diren arauak direla eta, ELAk azken urtean hamabi salaketa jarri ditu Lan Ikuskaritzan eta Auzitegian. Baina Lanen arduradunek (ETS-Eusko Jaurlaritza), Ikuskaritzak, Industria sailburuordetzak zein Meatzeen zuzendaritzak ez dute tutik esan eta ezikusiarena egiten dute, gertatzen dena jakinda ere. Noiz arte?

Zubieta kaleko zuloa (2020ko ekainaren 5a)

Metroa egiteko lanek Donostiako Zubieta kalean eragin duten zuloa ezagutu bezain laster ELAk lanak geldiaraztea eskatu zuen.

Sindikatuak Lan Ikuskaritzan salatu zuen enpresak bazekiela, luizia eta zuloa gertatu aurretik, ur eta hondarra erruz ari zela iragazten, kezkatzeko neurrian. Egoera inola ere normala izan ez arren, enpresak iragazte horien jatorria ez zuen ikertu, eta agintariei horren berri ere ez zien eman; areago, sortu zen arrisku hori zela eta ez zuen inolako prebentzio neurririk hartu. Tunel barruan diharduten langileen nahiz inguruan bizi diren herritarren segurtasun eta osasuna zaindu eta bermatzeko ez zuen ezer egin. Horregatik oso erraz gerta daitezke ezbeharrak, aipatutakoak baino ondorio askoz larriagoekin.

Horrenbestez, ELAk Lan Ikuskaritzari eskatu zion lanak berehala geldiarazteko, arrisku larri eta berehalakoa zegoelako, eta txosten bat egin zedila gertatutakoa eta lanen egoera ezagutzeko; honetarako eraikitzen ari diren enpresetakoak ez diren adituak eskatu zituen sindikatuak.

EAEko Goi Auzitegiak ELAri arrazoia eman dio

EAEko Goi Auzitegiak ELAri arrazoia eman dio, egiaztatu baitu metroko lanetako lurren garraioa eta mugimendua egiten ari diren langileen bizi eta osotasun fisikorako oinarrizko eskubideak urratu egin direla, kamioien Gehienezko Pisu Baimendua (GPB) gaindituta. Garraiolariek karga zabortegira eramaten dutenean GPBa baino %50 gehiago ere eraman izan dute; honela arriskuan jartzen da langilea, baina baita bidean dabiltzan beste gidariak ere.

Epai eredugarria

Joan den ekainaren 10ean EAEko Goi Auzitegiak aintzat hartu zuen ELAren helegite bat, eta ebatzi zuen langile bat lanean arrisku egoeran jartzeak, istripu edo lesio konkreturik gertatu ez arren, Bizi eta Osotasun Fisikorako eskubidea urratzea duela; kasu hauetan kalte moralengatik ordaintzea dagokio, prebentzio xedeetarako.

Hau lan osasunari dagokionez aurrerapauso handia da; izan ere, orain arte ohikoa zen auzitara jotzea behin lesioa gertatu eta gero; haatik, epai honek bide ematen du istripua edo kalte fisikoa gertatu aurretik enpresaren kontra jotzeko, honen erabaki edo omisio batek langileak arriskuan jartzen dituenean.

Zehazki, epaiak honakoa esaten du: “Aipatutako eskubide konstituzionala [Bizia eta Osotasun Fisikoa] ez da soilik urratzen kaltea benetan gertatzen denean, baizik baita ere bizia eta osotasun fisikoa arriskuan jartzen direnean, hori bermatzeko betebeharra duenaren -esaterako, enpresa demandatua- ekintza edota omisioengatik”.

Epai garrantzitsu honen bigarren osagaia da enpresa zigortzen duela kalte moralengatik ordaintzera, lesio konkreturik gertatu ez den arren. Goi Auzitegiko Aretoak dioenez, aintzat hartu behar da kalte moralagatiko kalteordainaren balio prebentiboa, zeinak garrantzi handiagoa hartzen duen lan arriskuen prebentzioari dagokionez. Auzitegiak esaten du “demanda-jartzaileak pairatu duen arriskuak berez sufrimendua eragin du”, eta ondorioz ordaindu beharreko kaltea izan da.

ELAk garaipen judizial honi oso ondo irizten dio, langileen osasuna babesteko aurrerapausoa baita, zeinak atea irekitzen duen lan osasuneko arauhausteen inguruko erreklamazio gehiago egiteko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.