2018-11-07 09:59
Donostiako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan enpresa hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko urriaren 22tik aurrera greba mugagabe batera deitu zitzaien hor lan egiten duten 400 langileei. Bi aste hauetan Garbialdik mahai gainean jarritakoak ez zuen inola ere langileen lan baldintzak hobetzen (6 urterako hitzarmena, gero 5era jaitsi arren; 2018. urtea izoztuta; desplazamenduko denboran urtero minutu bakarra onartzea, e.a.). Horregatik, eta greba langileen armarik eraginkorrena izanik enpresari presioa egiteko, ELAtik greban jarraitu behar genuela ulertzen genuen.

Hala ere, argi geratu da hori ez dela gainontzeko sindikatu guztien jarrera izan. Sindikatu batzuek grebarekin jarraitu ala ez erabakitzeko bozkaketa batera deitu zuten atzo, enpresaren aldetik inolako eskaintza berririk ez izan arren. Atzo egin zen bozkaketa horretan 54 langilek grebarekin jarraitzearen alde bozkatu zuten eta 60k kontra, hau da, greba gelditzearen alde. Agian gerora greba berpiztu nahiko duten arren, argi dago behin hain bero zegoen greba bat geldituz gero oso zaila dela berriro greba egitea.

ELAtik salatzen dugu beste sindikato batzuen erantzunkizun gabezia langileenganako, hasieran greba eta mobilizazioetara bultzatu zituztelako bi aste beranduago, enpresaren aldetik eskaintza berririk gabe eta, beraz, ezer lortu gabe, greba bertan behera uzteko. ELAtik aukera historiko bat galdu dugula iruditzen zaigu gizartearentzat hain garrantzitsua den langile talde honen lan-baldintzak hobetzeko.

ELAtik argi daukagu grebak iraun bitartean langileek erakutsitako jarrerak izugarrizko meritoa daukala eta atsekabe handia sortzen digu aukera hau galdu izanak. Baina, hala ere, langileen alboan jarraituko dugula aldarrikatzen dugu zuen baldintzak hobetu eta beharrak asetzeko prest.

 

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.