2021-04-14 11:28
Donostiako COS dendako langileek mobilizazioak hasi dituzte, zuzendaritzak apirilaren 17rako iragarritako itxieraren aurka. Langileek elkarretaratzea egin dute goizeko 11:00etan dendaren aurrean, eta egunero errepikatuko dituzte elkarretaratzeak. Joan den apirilaren 6an, H&M enpresak estatu mailako enplegu-erregulazioko txostena aurkeztu zuela jakinarazi zion batzordeari, eta Gipuzkoan H&M dituen hiru dendei eragingo die; bereziki, COSi, larunbatean bertan ixtea aurreikusita baitago. Apirilaren 23an ezagutuko dira H&Mk Garbera eta Txingudiko dendetako plantillei buruz enpresak dituen asmoak.

ELAk salatu duenez, enplegu-erregulazioko espedientearen negoziazioak hasi aurretik egindako itxierak langileak egoera oso ahulean uzten ditu, eta, aldi berean, enpresak prozesu horretan duen fede txarraren erakusgarri da. Egun 14 langilek lan egiten dute.
ELAk uste du H&Mk aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedientea multinazionalaren digitalizazio-planaren ondorioa dela. Digitalizazioaren bidez, enpresek diru gehiago irabazi nahi dute gutxiago gastatuz, eta horretarako langileak kaleratu eta errentagarriak diren dendak itxi behar dituzte. ELAk defendatu du digitalizazio-prozesuak sektorean enplegu berriak sortzea ekarriko duela, eta eskatu du egungo langileek bete ditzatela.
Agerikoa da azkenaldian aldaketa gertatzen ari dela gizartean kontsumitzeko moduetan, eta online salmentaren negozioa geldiezina dela. ELAk uste du COSko eta, oro har, merkataritzako langileek ezin dutela eta ez direla prozesu horren pagaburuak bihurtu.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.