ARGIA.eus

2019ko ekainaren 20a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2019-01-09 13:04
Erantzuna argia da: ez bata, ez bestea; mugikortasun eredu berria behar dugu.

Diesela edo gasolina? Badirudi hau dela mugikortasunaren inguruan batzuk egin nahi duten eztabaida bakarra. Baina diesela edo gasolinaren artean aukeratu beharra ez da eztabaida bat, etorkizunean mugikortasunak izango dituen erronkak ezkutatzeko bidea besterik ez da. Dieselak asko kutsatzen du. Gasolinak ez ala? Biak dira mugikortasun eredu kaltegarri baten lekuko eta horregatik biak desagertu behar dira. Gasolinaz dabilen auto bat ez da izango mugikortasun jasangarriaren ikur inoiz. Aldatu behar dena ez da erregaia, aldatu behar dena mugikortasun eredua da.

Erregai fosilen inguruan dugun eztabaidan askok auto elektrikoa jartzen dute irtenbide gisa. Baina hau ere irtenbide faltsua izango litzateke. Trantsizio energetikoaz ari garenean beti azpimarratzen dugu energia iturriak aldatzeaz gain energia kontsumoa ere asko murriztu beharko dugula, klima aldaketari aurre egin eta etorkizun iraunkor bat izan ahal izateko.

Azken asteetan norabide honetan espainiar Gobernuak hainbat neurri hartzeko asmoa adierazi du, baina neurri hauek ez dira nahikoak. Iragarri dute 2040rako debekatu egingo dutela diesel eta gasolina autoen salmenta. Beranduegi garraioak eragiten dituen berotegi efektuko gasen murrizketarako, klima aldaketa hemen da jada.

Urrian plazaratutako IPCCren (Klima Aldaketarako Nazioarteko Lantaldea) azken txostena, Katowicen (Polonia) egiten ari diren Klimaren Goi Bileran oinarri zientifikotzat hartzen dena, oso argia da zentzu honetan. Trantsizio energetikoari dagokionez, energia fosilak alde batera utzi eta energia berriztagarriak garatu behar direla dio. Beraz espainiar Gobernuak 2040rako iragarritako neurria okerra da eta berandu iristen da.

Tarteka eta modu isolatuan hartzen ari diren neurriak ez dira nahikoa. Irtenbidea mugikortasun eredua aldatzean datza. Mugikortasun eredu berri hau erregai fosiletatik eta gehiegizko mugikortasunetik at egon behar da. Mugikortasun eredua aldatzeko ondorengo neurriak hartu daitezke:

  • Epe laburrean auto kutsatzaileenei prezioa eta tasak igotzea.
  • Mugikortasun elektrikoa bultzatzea.
  • Merkantziak ibilgailu elektrikoen bidez banatzea.
  • Lan esparruan mugikortasun planak ezartzea.
  • Zirkulatzeko batez besteko abiadura gutxitzea.
  • Espazio publikoetan aparkalekuak arautzea.
  • Garraio publiko sare erabilgarri bat lurralde osorako, ez soilik hiri eta herri handienentzat.
  • Oinezko mugikortasuna bultzatu.
  • Ibilgailuak konpartitzea bultzatu.
  • Bizikletaz mugitzeko plangintzak aurrera eraman.
  • Espazio publikoen banaketa aldatu.

Mugikortasun ereduaren aldaketa hau trantsizio energetikoari oso loturik dago, baina baita gure ekoizpen eta kontsumo ereduari ere. Beraz, neurri hauez gain beste batzuk ere beharrezkoak izango dira klima aldaketa txikiago bat nahi badugu. Eztabaida ere erregai mota bat edo beste erabiltzetik harantzago eraman behar dugu, klima aldaketa jada gurean dagoen honetan ez da nahikoa diesela erabili beharrean gasolina erabiltzea, etorkizunean nola mugituko garen da gakoa. 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.