2020-10-09 13:22
Gaur EAEko Dia supermerkatuetan deitutako grebak jarraipen zabala izan du, batez ere Gipuzkoan eta Bizkaian. Langileek negoziazio esparru propioa zabaltzea aldarrikatu dute, eta FETICO, CCOO eta UGT sindikatuek udan Madrilen sinatutako hitzarmena errefusatu dute, prekarioa, eskasa eta euskal errealitatetik urrun dagoelako.

ELAren ustez, pandemia-garaian supermerkatuetako langileek funtsezko lana egiten dutela eta haien osasuna arriskuan jartzen dutela frogatu bada, horrek lan-baldintza duinak dituen hitzarmen batean islatu behar du. Hain zuzen ere, sindikatuak negoziazio propioa zabaltzeko eta hitzarmena hemen negoziatzeko nahia azaldu dio Diako zuzendaritzari.

Hitzarmen bat, soldata-igoera duinekin, lanaldiaren murrizketa nabarmenarekin eta lanaldi osoko enplegua sortzeko konpromisoekin, egungo partzialtasun handia murriztuz. Bajan egoteagatik langileak kaleratzen jarraitzea eragotziko duen eta mugikortasun geografikoa prekarietate-tresna gisa mugatuko duen hitzarmena. Genero-ikuspegia duen hitzarmen bat, eszedentziak eta lizentziak blindatu, luzatu eta hobetuko dituena.

Greba-egun horrekin, ELAk salatu du langileek gabeziak dituztela laneko segurtasunaren arloan, lan-karga izugarriak dituztelako, norbera babesteko ekipamendurik ez dutelako eta lantokietan kutsatuz gero osasunerako bermerik ez dutelako.

Azkenik, sindikatuak aurreratu du hau dela askoren lehen mobilizazioa, hitzarmen propioa lortu arte, "Ez garelako salgaiak, ezta DIAko eskaintzak ere".

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.