2019-02-18 15:36
TCCko langileek (villavesas) azken hauteskundeetan gehiengorik gabe utzi zituzten UGT eta CCOO. Langileen hautua ez zen izanen bi sindikatu horien gustukoa, eta hitzarmen bat sinatu zuten Zuzendaritzarekin gutxiengoan. Jardunbide hori larria eta antidemokratikoa izan da, ez baita errespetatu TCCko langileek erabakitakoa.

UGTk eta CCOOek sindikalismoaren joko-araurik nagusietariko bat hautsi dute: gehiengo sindikala aintzat hartzea. Botoek erabakitzen dute enpresetako ordezkaritza sindikala, eta haien arabera zehazten dira joko-arauak, gogokoak izan edo ez izan.

Hala eta guztiz ere, asmoa oso bertzelakoa zen: enpresak nahi dituen akordioak sinatzea, zeren UGTri eta CCOOi plantillaren borondatea deus gutxi axola baitzaie. Zergatik ez dute kontatu langile anitz kondenatu dituztela udako oporretan familiarik gabe egotera? Edo kontratatu berriek hamar asteburuetarik bat hartuko dutela, gainontzekook bietarik bat dugun bitartean?

Kontratazio berriak mugagabeak izanen dira, baina ez UGTren eta CCOOen akordioa dela bide, baizik eta kontratuak lege-iruzurrean eginak direlako, eta Lan Ikuskaritzan bazekiten kontratuen izaera hori legez kontrakoa zela. Hortaz, ibilaldi horretan enpresak sinatzaile beharrezkoak eta begiramen gabekoak aurkitu ditu, langileen baldintzak eta bizimodua okerragotzeko. Nola? Nahi besteko orduetan lan eginarazten eta udako oporrik gabe uzten -berariaz jasota dago ezin dela oporrik hartu ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean-. Hamar asteburuetarik bat bakarrik hartu ahal izanen dute, eta ostiral eta larunbat guztietan gauez lan egin beharko, lanaldiaren %80ko kontratu mugagabe bat izatearen truke. UGTk eta CCOOek bigarren mailako langileak izatera kondenatu dituzte.

Bertzalde, orain arteko akordioak KPIren urteko kobrantza bermatzen zien TCCko langileei, baina enpresak diru hori atxiki du hiru urtez, langileena bada ere. Eta, beraz, lehendik zegokigun dirua orain igoera moduan emanen digute. Eta UGTk eta CCOOek plantillaren gehiengoak hitzarmena sinatu duela diotenean, beren egin dute enpresaren xantaia. Eta ez dute kontatu soldata-igoera hori kobratu ahal izateko zer egin behar den, bada, hitzarmena gutxiengoan sinatu bada -oraingoan bezala-, langile guztiek banan-banan sinatu behar dute bulegoetan. Bertzenaz, igoerarik gabe geratuko dira. Hori hitzarmena sinatzearen aldeko bultzada al da edo alderik ahulenari, langileei, egindako xantaia?

ELA, LAB eta ATTU sindikatuok buru eginen diogu akordio txar horri, eta inor diskriminatuko ez duen akordio bat bilatuko. Gure iritziz, enpresako kidegorik ahulenari, behin-behinekoei, ezarritako baldintza ezin prekarioago horiek ez dira onargarriak.

TCCko hauteskundeen emaitzek argiro erakutsi zuten zein sindikalismo-eredu ez den langileen gogokoa: enpresaren interesekin bat egiten duena; baina UGTri eta CCOOi bost axola die demokraziak edo hauteskundeen emaitzak. Agian UGTk eta CCOOek enpresarekin duten zorrean bilatu behar da arrazoia. Gauza ezaguna da behin-behineko langile gehienek UGTren eta CCOOen karnetarekin sartu zirela enpresan, eta noski enpresak mesedea eskatu die lehengo mesedearen truk.

TCCko langileek erantzun behar diete UGTren, CCOOen eta enpresaren baterako interesei, eta kontratatu berriei lan-baldintzarik txarrenak ezartzeari ezetz erran.

Enpresa hau ezin da deslokalizatu, hemen izanen da beharrezkoa; baina hitzarmenik hitzarmen, etekinak enpresarendako dira soilik. TCCko langileak bertze gehiengo sindikal baten bila zebiltzan, eta orain, behin lorturik, gehiengo horren alde agertu behar gara. Horregatik grebara joanen gara, UGTren eta CCOOen jokabide antidemokratikoak salatzeko, eta TCCko langile guztien lan-baldintzak hobetzeko eskatzeko.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.