2018-04-11 10:49

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk Confebaskekin sinatu genuen Lanbidearteko Akordioaren aurka FEADRS sukaldaritza kolektiboko enpresen patronalak jo du auzitara. Akordio haren xedea zen euskal lan-hitzarmenak lehentasunez aplikatzea, eta ez estatu mailakoak. Inpugnazioarekin FEADRSek nahi du bere kide diren enpresek (Eurest, Sodexo, Serunion...). Sukaldaritza Pribatuko Lan-Hitzarmen estatala aplika dezaten. Hitzarmen miserablea sektoreko langileentzat. Enpresa multinazional hauetako batzuk lan baldintzak txikitzeko plan garatu bat dute. Plan horren asmoetako bat da patronal txikiak paretik ere kentzea, estatu mailako hitzarmenean oinarrituriko bere estrategiari aurre egiten dioten heinean, horrela nahi baitituzte estatu mailako lan baldintzak beherantz uniformatu. Noski, eragindako langileak emakumeak dira. Soldata arrakala benetako kezka bada, enpresa hauek kontratatzen dituzten erakunde eta administrazioek esplotazioari aurre egin beharko liokete. Egintzak behar dira, ez hitzak. FEADRS, Confebask bezalaxe, CEOEko kide da.

Bestalde, CCOOk eta UGTk -hain zuzen, beren Espainiako federazioek- Ostalaritza sektoreko Akordio Markoa inpugnatu zuten; akordio hau ELAk eta LABek Ostalaritzako Federazioarekin eta Confebaskekin sinatu zuten. Akordio honen asmoa zen ostalaritzako euskal hitzarmenak aplika zitezela. Haatik, CCOOen eta UGTren helburua zen FEADRSek Lanbidearteko Akordioa indargabetzeko asmoarekin duen berbera: EAEn aplika zedila CCOOk, UGTk eta FEADRSk sinatutako estatu mailako hitzarmena. Elkar hartuta jokatzen dute: 2017ko urriaren 24an Bilbon izan zen epaiketan CCOO eta UGTren posizioa -hau da, demanda sartu zutenena- gehien defenditu zuena FEADRSren abokatua izan zen, hau alde interesatu gisa agertu zelarik. Horretaraino iristen da konplizitatea. Patronal horrek esan zuen euskal hitzarmenek “erregimen feudal” bat osatzen dutela.

Beraz, euskal eremuko bi akordioen aurka jotzen dutenean FEADRSek, CCOOek eta UGTk helburu bera dute: kontratu berrietan soldata %50 txikiagoa eta urteko lanaldia 70 ordu luzeagoa aplikatzea, esaterako Bizkaiko Ostalaritzako Hitzarmena erreferentzia gisa hartuz gero.

Zapaterok 2011n egin zuen lan erreformari esker espainiar patronalak eta sindikatuek (CCOO eta UGT) hemengo negoziazio kolektiboa indargabetzeko aukera sortu zen. Bada, horixe ari dira baliatzen CCOO, UGT eta Espainiako patronal batzuk. Eta gogoratu beharrekoa da erreforma hura EAJren abstentzioari esker atera zela aurrera; hala da, negoziazio kolektiboaren estatalizazioak ez zuen jeltzaleen kontrako botorik izan.

Euskal eremuan CCOOek eta UGTk jokatzen dute kontu honek eurekin zerikusirik ez balu bezala, baina estatuko beren federazioek sinatzen dituzte lan hitzarmen negargarri horiek, non ezartzen duten ezin dugula hemen negoziatu, eta Akordio Markoa inpugnatu dute. CCOOi, UGTri eta espainiar patronalari bost axola die euskal hitzarmenak defenditzen ditugunok langileen ordezkaritzaren %100 edo patronalaren %100 izatea. Berdin die; eurek Madrilen txorrota itxi eta kitto! Hau, gure ustez, askatasun sindikalaren kontrako erasoa da. Izatez ez dago askatasun sindikalik libreki hautatutako ordezkari sindikalei negoziazio kolektiboa egiteko aukera galarazten bazaio.

Erreforma hura erabaki zenean ELAk iragarri zuen negoziazio kolektiboaren estatalizazioa, erreformek ezarritako beste puntu batzurekin batera (ultraaktibitatearen desagerpena, enpresa-hitzarmenari lehentasuna ematea sektorekoaren gainetik, hitzarmena ez aplikatzeko aukera, lan-baldintzen aldaketa…), euskal langileak pobretzeko tresna gisa erabil zitekeela. Hala ari da gertatzen. Horregatik, erreforma eta bere aplikazioa oso larria zelako, ELAk Urkullu lehendakariari bilera bat eskatu zion. Azaldu nahi baikenion nola jokatzen duten enpresek eta bere gobernuarekin batera sasi-elkarrizketa sozialeko mahaian esertzen direnek. Baina ez zigun bilera egiteko aukerarik eman. Lehendakariak, ahal duenean, patronalaren alboan agertu nahi izaten du eta eraso egiten digu jendea antolatzen ari garenoi, borrokaren bidez bere lan baldintzak duintzeko aukera izan dezan.

Zer egingo du ELAk FEADRSen inpugnazioaren aurka? Auzitegietan euskal hitzarmenen lehentasuna defendituko du; euskal alderdi politikoei azalduko die hau arazo politikoa dela, eta ez dagoela benetako autogobernurik negoziazio kolektiborako eskubidea bermatu ezean; honelako enpresak kontratatzen dituzten enpresa eta administrazioei exijituko die esplotazioa galaraz dezatela, eta ekintza sindikala garatuko du FEADRSeko kide diren enpresetan, hauek ez ditzaten diskriminatu sektorean lanean hasten diren emakumeei.

Egoerari aurre egitearren ELAk LABi duela zenbait aste azaldu zion beharrezkoa zela greba FEADRSek ordezkatzen dituen enpresetan, baina LABek uko egin die elkarrekin egin zitezkeen ekintzei enpresek prekaritatea eta miseria ezartzen duten eremu errealetan. Gure posizioa ezagututa, LABek ezustean balizko greba orokorra deitzera premiatu gintuen, noizko eta maiatzerako... Gure iritziz prekaritatearen aurkako borroka ez da hordagoa handira joaz irabaziko; prekaritateari antolakuntza medio aurre egin behar zaio patronalak ezartzen duen eremuetan. ELAk, bere aldetik, epaiketa izango den egunerako, apirilaren 24rako, greba deitu du enpresa horietan. Benetan deitoratzen dugu bi sindikatuon arteko desadostasuna.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.