2019-03-22 09:17
Pozik omen dago Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburua 2018an LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuekin sinatu zituzten akordioen %70a bete delako. Horrela adierazi zuen pasa den astean Legebiltzarreko Agerraldian. Baina ikastetxeetan, langileak ere (irakasleak, hezitzaileak, sukaldariak, garbitzaileak...) Sailburua bezain pozik al daude? Hezkuntza publikoan azken urte luzetan pilatzen joan garen arazoak eta ezarritako murrizketak konpondu edo bideratu al dira?

Ezagunak zaizkigu krisiaren aitzakia erabiliz ezarritako murrizketa gogorrak eta hauen ondorio larriak hezkuntza publikoan: %40tik %70era bitarteko behin-behinekotasun tasak sektorearen arabera, plantilen murrizketa nabariak, gelako ikasle kopuruaren eta lan-kargen handitzea, eros-ahalmenaren galera, erretiroaren atzerapena eta zailtzea, LOMCE eta Heziberriren inposaketa, ikasleen segregazioa… Hauek izan ziren, hain zuzen ere, azken bi ikasturteetan grebara eraman gintuzten arrazoiak, besteak beste. Greba haiek indar betean zeudelarik eta gobernua mugi araztea lortzen ari ginelarik, langile askoren eta ELAren iritziaren kontra, gainerako sindikatuek desmobilizazioa ekarri zuten akordioak sinatu zituzten Jaurlaritzarekin.

Urtebete beranduago, ikastetxeetan ikusten ari gara hezkuntza publikoak dituen arazoak bere horretan jarraitzen dutela. Kasu batzuetan okerrera ere egin dute. Izan ere, Jaurlaritzak, greba eta mobilizazioen presiorik gabe, langileengan ondorio oso larriak dituen erabakiak hartzen jarraitzen du. Honen adibide garbia dira irakasleen kolektiboan aurreko ikasturtetik hona behin-behinekotasuna murriztu beharrean, honek gora egin izana, urteetan lanean daramaten langileen kontsolidazioa garatu beharrean lanpostuen banaketa injustua ekarriko duen sasi-egonkortasun proposamena, EPEa gainditzea merituetan baloratzea eta ehunka lanpostu arriskuan jartzea edota gero eta lanpostu gehiago LZtik kanpo ateratzea (berme juridikorik gabe utziz eta matrikulazioa jaistean lanpostuak suntsitzeko joko zelaia prestatuz). Hezitzaileen artean eta Haurreskoletan ia arazo guztiek bere horretan diraute. Eta sukalde eta garbiketan, oinarrizko arazo larriei inola ere ez heltzeaz gain, langile askoren lanpostu eta lan baldintzak arriskuan jarriko lituzkeen sukalde eta jantokien kudeaketa guraso elkarteen esku uzteko proposamena mahai gainean jartzera ausartu da jaurlaritza.

Agerikoa da aurreko urtean sinatutako akordioek ez zietela hezkuntza publikoko arazoei ez eta grebara eraman gintuzten aldarrikapenei erantzuten. Hezkuntza Publikoko langileak antolatu eta gure eskubide, lan-baldintza eta Hezkuntza Publikoaren aldeko borroka bizian ari ginenean arnasa eta bake soziala eman zioten Gobernuari. Eskuak libre utzi zizkioten bere politika neoliberalak lasai asko aplikatzen jarraitzeko. Urte askotako lana izan da Hezkuntza Publikoak eta bertako familia eta langileok pairatzen dugun egoera larriari tamainako erantzuna antolatzea. Hezkuntzako eragileon papera, are gutxiago sindikatuona, ezin da mugatu gobernuak aldebakarrez inposatzen dizkigun murrizketen zati txiki bat itzultzearekin konformatzera eta hauek lorpen moduan saltzera.

Agian, Cristina Uriartek badu pozik egoteko arrazoirik bera arduradun den egoera hau konpondu arazteko mobilizazioak indar betean zeudenean, arazoak konpondu ez eta desmobilizazioa ekarri duten akordioak lortu dituelako. Poztasun tristea arduradun politiko baten azalean. Baina arrazoi gehiago ditu kezkaturik egoteko. Alde batetik, Hezkuntza Publikoaren eta bertako familia eta langileen egoera larriak bere horretan dirauelako edo okerrera egin duelako; baina bereziki, hasierako ustezko barealdiaren ondoren, ikastetxeetan haserreak bere horretan darraielako, langileak antolatzen ari direlako eta borroka berraktibatzeko lehen baina oraindik ere arrazoi eta motibazio handiagoa dagoelako. Ikastetxe Publikoetako sukaldari eta garbitzaileak jada berrabiatu dira, baita Haurreskoletako kudeaketa langileak ere. ELA ere, buru-belarri horretan arituko da.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.