2019-01-21 15:33
Sektoreko hamahirugarren greba eguna da urtarrilaren 21ekoa, eta gaurkoan ere babes zabala izaten ari da langileen aldetik (aurrekoen antzekoa, %60-65 bitarte). Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan 9.000 langile inguru daude; EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira, eta 120.000 bat ikasleri ematen diote zerbitzua. ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuon iritziz arduragabekeria larria da hamairugarren greba egunean patronalen aldetik inolako proposamen berririk ez egotea eta Eusko Jaurlaritzak erantzunkizun oro bere gainetik kendu nahi izatea. Sindikatuok urtarrilaren 22rako manifestazioa deitu dute Gasteizen goizeko 11.30etan. Manifestazioa Bilbo enparantzatik irtengo da.

 

Sindikatuen agiria:

Sindikatuok eta langileok familien kezka eta ardura ulertzen dugu, eta geu ere erabat arduratuta gaude egoera honekin. Arduragabekeria hutsa iruditzen zaigu sektoreko hamairugarren greba egunean patronalen aldetik inolako mugimendu eta proposamen gehigarririk ez egotea. Are arduragabeagoa oraindik Uriarte Sailburuak aste bukaera honetako manifestazio jendetsuan familiek luzatutako eskaerari eman dion erantzuna. Pasa den astean Eusko Jaurlaritzak familien aurrean bere burua zuritzeko asmoz greba honetarako zerbitzu minimoak handitu zituen greba eskubidea larriki urratuz, eta ondoren inolako zehaztasunik gabeko adierazpenak egitera mugatu zen. Gaur berriz, inolako oinarririk gabe, Cristina Uriarte hezkuntza sailburuak, bere gain edozein ardura hartzea ekiditeko eta sindikatuok salatzen ari garen egoeran duen erantzunkizuna desbideratzeko saikeran, grebaren atzean ezkutuko beste helbururen bat egon daitekeela bota du.

Uriartek ulertarazi nahi izan duenaren kontra, hamar urtez Lan Hitzarmena berritu gabe egonik, sektore honetako langileen lan baldintzen berreskurapena eta hobekuntza dugu greben helburu bakarra, konbentzituta baikaude hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskaintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela eta beharrezkoak direla. Beraz, grebaren helburuak argiak, bidezkoak eta aski ezagunak dira. Langileak eta berauek ordezkatzen ditugun sindikatuok oso arduratuta gaude ikastetxeetan gero eta baldintza kaskarragoetan lan egitera behartzen gaituztelako, eta honek duen eraginagatik, ez bakarrik gure lan baldintzetan, baizik eta baita ikasleek jasotzen duten hezkuntza kalitatean ere.

Hori dela eta, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok negoziaziorako gure borondatea berretsi nahi dugu berriro ere eta egoera honi buelta emango dion taxuzko proposamen baten zain jarraitzen dugula adierazi.

Sindikatuok bai patronalei, bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak emanez eta akordioetara iristea posible egingo duten planteamenduak eginez.

Aldi berean, langile guztiak animatzen ditugu bihar Gasteizen goizeko 11.30etan Bilbo enparantzatik irtengo den manifestazioan parte hartzera

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.