2020-11-19 16:09
Zahar-etxe eta desgaitasun-zentroen egoera jasanezina da. Sektore honetan pandemiaren lehen oldean 696 pertsona hil ziren Nafarroan, eta bost erabiltzaileetatik bat kutsatu egin zen. Uztailetik hona beste 60 lagun hil dira eta oraintxe 150 daude kutsatuta.

Langileak ere zaintza eredu honen ondorioak jasaten ari dira. Pandemiaren lehen oldean langileen laurdena kutsatu zen eta une honetantxe 85 daude bajan Covid-19aren eraginez. Datuok Nafarroako Gobernuak eman ditu; islatzen duten egoera beldurgarria da, baina langileek egunez egun pairatzen duten errealitatea are okerragoa da.

Egoera hau zaintza eredu jakin batek eragin du; Covid-19a txinparta izan da, prekaritate eta miseriazko errealitatea eztandarazi duena. Pandemiak argitara ekarri ditu sektore honetako arazo estruktural guztiak, izan ere, dirua irabazteko baitago taxututa sektorea, eta ez beharra dutenak eta are gutxiago langileak era duinean zaintzeko.

Gaixoaldiaren agerraldiak ez dira bakanak izan; kutsatzeak Nafarroako ia zentro guztietan gertatu dira. Hau zaintza eredu pribatizatuaren ondorioa da, enpresek etekin ekonomikoari begira baitaude, ez zaindu beharko lituzketen pertsonen osasunaz kezkatuta. Nafarroako eredu soziosanitarioa ez dago pentsatuta jendeak behar dituen zainketak emateko, ez eta kalitatezko arreta eskaintzeko ere. Eredu honen xede bakarra aberastea da, erabiltzaileen eta langileen bizkarretik. Eta guztia finantziatzeko, hor dago diru publikoa.

Eredu honetan posible da putre-funtsek desgaitasun zentroak kudeatzea; negozioaren oinarria da prekaritatea eta langileen osasuna; baliabide nahikorik ez dago, eta erabiltzaile asko eta asko bakartuta ditu martxotik hona, gizatasuna ukatzen duten baldintzatan.

Errealitate Sozialaren Behatokiak Covid-19aren krisi aurretik egin zuen Nafarroako zentro hauen azterketa egin zuen, eta ondorio oso larriak atera zituen: langileek baja hartzen duten egoitzak 7,5 bider sarriago egongo dira oso eraginda, bajarik izan ez zutenen aldean; titulurik gabeko langile sanitarioak hartzen dituzten erresidentzietan pandemiaren eragina larria izateko aukera 4 bider handiagoa da, edota 100dik gora egoiliar duten zahar-etxeetan Covid-19ak eragin handia izateko probabilitatea 100dik behera dituztenak baino 5 bider handiagoa da.

Aitzitik, auditoretza horrek egiaztatu du egoitzetan zenbat eta profesional gehiago egon, are txikiagoa izango dela pandemiaren eraginpean egoteko aukera. Argi dago lan baldintzak eta arlo soziosanitarioan lan egiten duten profesionalen egoera egokiagoak diren heinean hobeto zaindu ahal izango dituztela beren zaintza behar duten jendea, eta denbora gehiago eskaini ahal izango dietela. Pandemiarekin agerian geratu da, baita ere, egoerak okerrera egiten duenean sistema publikoa dela irtenbidea eman dezakeen bakarra, eta estaldura handiagoa eskaintzen duela.

Premiazkoa da lehentasuna pertsonen zaintza izatea, ez gutxi batzuen negozioa. Ezin dugu enpresa pribatu eta funts-putreen esku utzi zainketaren beharra duen jendea. Gertuko eredua, kalitatezko tratua, pertsonen autonomia aintzat hartuko duena, bateraezina da egungo zahar-ete eta zentro soziosanitarioen ereduarekin. Ezin zaie egoiliarrei zerbitzua eman eskuan kronometroa duzula, bakoitzari egunean minutu gutxi eskainiz ratioak minimoak direlako. Egoitzetako instalazioak jendea pilatuta egoteko daude diseinatuta, espaziorik eta intimitaterik gabe, baliabide oso mugatuekin eta lan baldintza prekarioekin.

Badirudi biztanleriaren zahartzearen kezka soilik agertzen dela pentsioak murrizteko baliatzen denean. Baina zahartze horrek esan nahi du gero eta jende gehiagok behar izango duela zaintza sistema profesional bat. Honi merezi duen garrantzia eman behar zaio; zaintza sistema publikoa izan behar da lehentasun politiko nagusia, baina zoritxarrez hau ez da Nafarroako Gobernuaren kasua.

Nafarroako eredu merkantilizatu eta pribatizatua diru publikoari esker bizi da. Nafarroako Gobernuari dagokio politika hauek kudeatzeko ardura, eta erabaki behar du zein den bere ereduaren orientazioa, enpresen eta funts-putreen etekin ekonomikoa ala zaintzaren eta lan baldintzen duintasuna.

ELAk honi buruzko iritzi argia du. Azaroaren 17ko grebak sektorean aldaketa historikoa bultzatu behar du, zaintza eredu publiko bihurtzeko, zeinaren ezaugarri izango diren gertutasuna, kalitatezko tratua eta pertsonen autonomiarekiko errespetua. Horretarako ezinbestekoa da langile ratioak hobetzea eta lan baldintza duinak hedatzea.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.