2020-09-02 12:54
Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako datuen arabera, HEHn erregistratutako langabeen kopuruak gora egin du berriro, eta kopurua 185.420 pertsonakoa da dagoeneko. Pandemia hasi zenetik, 34.000 langabe gehiago daude. ELAk azpimarratu du COVID-19ren ondorioek areagotu egin dutela pandemiaren aurretik zegoen krisi ekonomiko eta soziala. Aplikatzen ari diren politikak nabarmen aldatu behar dira. Sindikatuak azpimarratu du orain inoiz baino gehiago, enplegua defendatzeko ezinbestekoa dela lan-baldintza duinak eta aberastasunaren banaketa justuaren alde borrokatzea.

Krisi ekonomikoak enplegua suntsitu du berriro ere HEHn, eta uztailarekin alderatuta, langabezia 2.012 pertsonatan igo da; horrek esan nahi du %1,1eko igoera gertatu dela. Hala ere, abuztuko zifrek kontrako emaitzak dituzte Nafarroan eta EAEn. EAEn, langabezia 3.090 pertsonatan igo da (+%2,16), eta Nafarroan, berriz, jaitsi egin da hirugarren hilabetez jarraian, oraingoan 1.078 pertsonatan (-%2,69).

Urte arteko datuei erreparatuta, 2019ko abuztuarekin alderatuta, langabeziak %26 egin du gora, Lan Ministerioak emandako datuen arabera. Hau da, orain dela urtebete baino 38.000 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian.

EAEn, zerbitzuen sektoreak (+1.728) eta industriaren sektoreak (+502) eragin diote gehien langabeziaren igoerari. Nafarroan, aldiz, sektore guztietan egin du behera langabeziak, eraikuntzan izan ezik.

Kontratuei dagokienez, abuztuan HEHn 68.950 kontratu sinatu ziren, hau da, uztailean baino 20.795 kontratu gutxiago. 2019ko abuztuarekin alderatuta, kontratazioa 27.393 murriztu da. Kontratuen behin-behinekotasunak oso altua izaten jarraitzen du, abuztuan sinatutako kontratuen ia %94  behin behinekoak baitira.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.