2020-04-28 13:56
ELAk adierazi du ez direla kontuan hartu behar Biztanleria Aktiboaren Inkestako (EPA) datu positiboak, berriki ezagutu diren langabeziari dagokionez; izan ere, urtarrila, otsaila eta martxoaren erdia baino ez dituzte islatzen, hau da, ez dute inondik inora jasotzen Hego Euskal Herriko langile klasea gaur egun bizitzen ari den errealitatea. Krisi ekonomiko baten aurrean gaude, eta kaleratze, ERTE eta beren bizitza normalak eragindako gastuei aurre egin ezin dieten pertsona ugari ari dira kitatzen. Ekonomiaren aurreikuspenek 2008ko krisialdikoak ere gaindituko lituzketela aurreikusten dute. Covid-19k enpleguan duen eragina benetan aztertzeko, urteko bigarren hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestara arte itxaron beharko da, baina ELAk aurreratu du beharrezkoa dela neurri sozialak hartzea kaltetutako pertsonak defendatzeko eta krisiari irtenbide soziala emateko, horren faktura errenta altuei, enpresei eta kapitalari ordainaraziz.

Langabezia 6.400 pertsonatan jaitsi da, horietatik 1.900 Nafarroan eta 4.500 EAEn. Hala, langabezia-tasa %8,67koa izan zen Hego Euskal Herrian (%8,55 Nafarroan eta %8,72 EAEn). Azken urtean, langabeen kopuruak gora egin du Nafarroan, aldiz, EAEn beheranzko joerarekin jarraitzen du.

Landunen kopuruari dagokionez, 1.214.300 dira Hego Euskal Herrian, horietatik 577.600 emakumeak eta 636.700 gizonak. Landunen kopurua 6.700 pertsonatan murriztu da (3.400 Nafarroan eta 3.300 EAEn). 2019ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, Nafarroan 600 pertsona gehiago izan ziren; EAEn, berriz, 5.900 gutxiago.

Okupazioaren beherakada horrek emakumeei eragin die osotasunean. Izan ere, 6.700 pertsona gutxiago daude lanean, eta horietatik 6.500 emakumeak dira. Sektore ekonomikoaren araberako okupazioari dagokionez, Nafarroan zerbitzuen sektorea izan da koronabirusak gehien kolpatu duena, sektore horretan 10.000 pertsona gutxiago daude okupatuta. Industrian 4.500 pertsona gehiago izateak landunen guztizko kopuruaren beherakada leundu ahal izan du. EAEn, Nafarroan ez bezala, lehen hiruhilekoko datuek 5.500 landun gutxiago utzi dituzte industriaren sektorean; zerbitzuen sektorean, berriz, beherakada Nafarrorarena baino askoz txikiagoa izan da (-2.400).

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.