2020-11-04 11:08
Zerbitzu publikoak indartzeko unea da; sektore eta pertsona kaltetuei estaldura sozial zabala emateko unea; laneko segurtasuna benetan bermatzeko unea

ELAren ustez Covid-19arekiko estrategia zeharo aldatu beharra dago. Pandemia ondorio oso larriak eragiten ari da. Datu ofizialen arabera -zeintzuk ez duten errealitate guztia islatzen- honez gero EAEn 2.000tik gora pertsona hil dira, eta 700 Nafarroan. Hauetako asko, zahar-etxeetan. Heriotzak ez dira soilik pandemiaren hasieran gertatu. Azken hilean 100dik gora lagun hil dira Nafarroan eta 200 EAEn.

KORONABIRUSAK ERAGINDAKO HERIOTZA KOPURU OFIZIALAK AZAROAREN 2RA ARTE

 

 

GUZTIRA

ZAHAR-ETXEETAN

BIZTANLEAK

EAE

2084

752

2182000

NAFARROA

722

491

661000



Iturria: Azterketa Bulegoa, estatistika ofizialen datuekin.

Europa guztian zehar deseskalatzeko estrategia izan da birusarekin elkarbizitzea, eta ez erauztea, Asian eta Ozeanian egin zuten moduan. Covid-19aren bilakaera eta europar kontinente guztian hartzen ari diren erabakiak ikusirik, ez dirudi estrategia zuzena hautatu zenik.

Estrategia hori mantra baten gainean eraiki da: osasuna babestu eta ekonomia mantendu beharra zegoela. Haatik, hori ez da lortu, ez arlo batean, ez bestean:

    • Kutsatze kopuruak oso handiak dira, onartu ezineko maila iritsi dute; hala adierazten dute goian aipatutako datuek, bai eta egunero Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak ematen dituztenek ere.
    • Langabezia asko hazi da, eta ERTEak izan ez balira egoera are okerragoa litzateke. Erakundeen erantzuna ez da izan inondik ere testuinguruak eskatzen duenaren parekoa. Pandemiaren bigarren oldeak jarduera hainbat sektoretan moteldu edo geldiarazi egingo du, eta hau areago okertuko da denbora pasa ahala. Horrek larriagotu egingo du desberdintasuna, pobrezia eta bazterkeria soziala.

ELAk lehen unetik posizio zorrotza finkatu zuen; sindikatuak esan zuen lehentasuna bizia izan behar zela, eta salatu zuen botere publikoek erabakiak hartzerakoan lehenetsi egiten zituztela ez herritarren osasuna, baizik enpresen epe laburreko interesak, hauek tematuta zeudelarik lantoki jakin batzuk irekita izaten. Gure proposamenak ere logika ekonomikotik bazuen, izan ere jarduera ekonomiko normalizatu eta jarraiagoa izateko ezinbestekoa baitzen biztanleen osasuna bermatu eta pandemia kontrolpean hartzea.

Konfinamendutik irteterakoan erakundeek batik bat gomendioak egin dituzte eta banakoen ardura kokatu dute lehenik. Noski, herritar guztioi egoera larriaren tamainako jokabidea eskatu behar zaigu, baina egia da ere itxura ematen zutela gomendio horiekin ardura politikoari itzuri egiteko borondatea estali nahi zutela, ez zegoelako jarduera eta erabaki konkreturik (esaterako, ez zaie erantzunik eman Osasun arloko eskariei, plantillak gehitu eta aztarnari kopuru nahikoa kontratatzea; zahar-etxeetan, ratioak jaistea, jende gehiago kontratatzea edota arrisku psikosozialen ebaluaketa; Hezkuntzan, ratioen jaitsiera eta honen ondoriozko plantilla hedatzea, aurrez aurreko jarduera bermatzeko moduko espazio berriak sortze aldera...).

ELAren iritziz, banakoaren ardura nabarmentzeko estrategiarekin enpresen ardura ere saihestu nahi da, langileen osasuna zaintzeko duten betebeharrei dagokienez.

I- BERANDU HARTUTAKO ERABAKIAK, ETA ESKASAK

Birusarekin elkarbizitzeko estrategia hautatu dutenek hipotesi batetik abiatu ziren: osasun sistemak ez omen zuen gainez egingo. Haatik, horixe gertatu da. Azken asteetan alarma guztiak jotzen ari dira: ospitaletako oheak eta ZIUak Covid-19ko pazienteek bete dituzte; lehen arretaren kolapsoa...

Bere garaian esan genuen Europako sistema sanitario bat ere ez zegoela prestatuta honelako pandemia bati aurre egiteko, baina gainera osasun sistemei erasan egin ziela ezarritako murrizte politikak. Osakidetzak eta Osasunbideak behar baino baliabide gutxiago zeukaten, eta honek areagotu egiten zituen bizi genituen eta pairatzen ari ginen ondorioak.

Pandemia hasi zela zazpi hilabete luze joan direnean esan daiteke arduradun politikoek ez dutela behar bezala erantzun hain erronka larriaren aurrean:
    • Kutsatze eta heriotza kurbak areagotzen hasi eta sistema sanitarioa berriz ere tentsiopean dagoelarik, agerian geratu da planifikaziorik ez zegoela. Hasieran, martxoan, uler zitekeen egoera berri batean geundela, baina hainbeste hilabete igaro denean ezin da onartu zientziaren munduak aho batez iragarri duen olde berriari taxuzko erantzunik eman ez izana.
    • Ez da izan, eta ez dago, arrazoizko erreferentziako kontrol-panelik. EAEko eta Nafarroako erakundeek larritzat jotzen dituzten kutsatze indizeak (500 kasu 100.000 biztanleko, azken 14 egunetan) europar eremuan ezarritako parametroak baino askoz altuagoak dira. Espainiar estatuan finkatu den erreferentzia-panela aintzat hartuz gero, abuztu hasieran dagoeneko arrisku altuan egongo ginatekeen EAEn zein Nafarroan. Eta hil haren bukaeratik aurrera, muturreko arriskuan. Kontrol-panel zorrotz bat izan beharko genuke, komunitate zientifikoak definitua eta kasu bakoitzerako ezarri beharreko neurriekin. Errealitateak ez du horrekin zerikusirik.  

Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua gertakariei jarraitu ezinik doaz. Berandu dabiltza, eta ez dira iristen. Pandemiaren bilakaera aski litzateke hori berresteko. Alabaina, gauza bera iradokitzen duten beste bi kontu aipatuko ditugu: Kasuen detekzio eta jarraipena eta Eusko Jaurlaritzaren Bizi Berri II Plana.

Pandemiaren hasieratik jakina zen gakoetako bat zela birusak kutsatutako pertsonen kontaktuak identifikatzea, ahalik azkarren eta modurik zehatzenean. Eta horretarako ezinbestekoa zela lehen arreta sistema gauza izatea kasu kopururik handiena atzemateko, azkar atzeman ere. Gaur argi dago sistemak gainez egin duela.

Gurean transmisio komunitarioa ari da gertatzen, eta Osakidetzak eta Osasunbideak identifikatutako kontaktuak ez dira kasuen erdira ere iristen. Horretarako hainbat arrazoi dago, besteak beste, atzerapena eta aztarnari kopuru urria, zeina oso astiro gehitu den. Urriaren 26an Nafarroan 112 ziren (horien artean, 30 militar; honek agerian utzi du Gobernua bat datorrela Covid-19aren kontrako borrokaren militarizazioarekin) eta 375 EAEn; hots, aztarnari bat 5.800 biztanleko, Estatu guztian den ratiorik okerrenetakoa. Gainera, are larriagoa da kontua laneko gertuko kontaktuen jarraipenean, enpresen prebentzio zerbitzuen esku utzi baita, zeintzuk nahiago duten balizko agerpenak ezkutatu, eta ez kutsatzeak hedatzea ekidin. Ondorioz, gertuko kontaktuen identifikazioa, izatekotan, atzerapen handiz gertatzen da, eta hau are okerragoa izaten da sintomak atzeman eta testak egiten diren arte izan ohi den tarte luzea medio. Argi dago berandu, oso berandu gabiltzala.

Dagoeneko abuztuan egoera kezkatzekoa bazen ere, Eusko Jaurlaritzak Bizi Berri II izeneko plana urriaren hasieran aurkeztu zuen. Honek agertoki batzuk zehazten ditu, hauek ere kritikagarriak. Egoerak bost mailatan sailkatzeko indizeak (“Tokiko transmisiorik gabe” izenekotik hasi eta “Transmisio oso altua” delakora) europar semaforoan eta espainiar Estatuan ezarritakoen oso gainetik daude.
Egoera Eusko Jaurlaritzaren Planean finkatutako maila gorenera iristen denerako neurri batzuk aurreikusi dira (esaterako, telelana ahalik gehien hedatzea, saltoki eta merkatuetan %30eko aforoa eta prebentzio-protokoloak, ostalaritza eta jatetxeak eremuka ixtea), baina hauek ez dira martxan jarri, eta ez dirudi Eusko Jaurlaritzaren agendan daudenik ere.  

II- ELAREN PROPOSAMENAK
ELAren iritziz lehentasuna da erabakiak hartzea komunitate zientifikoan dauden adostasunen baitan.  Hausnarketa hau epe laburrerako zein epe ertain eta luzerako egin behar da.
Azken egun eta asteetako gertakariek argi erakusten digute osasuna -bai eta ekonomia- zaintzeko estrategiarik egokiena birusa erauztea dela, ez berarekin elkarbizitzea. Honez gero ikasi beharko genukeen gogor eta garaiz ekin behar zaiola: detekzio eta jarraipen gaitasun sendoa izan eta murrizketa zorrotzak ezarri kasu gutxi izan bezain pronto.

Une honetan gure lurraldean neurri murriztaileak aplikatzen ari dira, baina emaitzak ez dira izan espero ziren modukoak. Pandemia hasieran izan zen gisako konfinamendua beharrezkoa izango da, eta erakundeak horretarako giroa prestatzen ari dira.

Gauden puntuan ELA bat dator neurri murriztaile gogorrak ezarri behar direla, eta horiekin batera langileen osasuna bermatzeko erabakiak hartu eta egoerak eragindako kalte ekonomikoak arindu behar direla; hauek dagoeneko ari gara pairatzen, eta okerrera egingo dute. Hori da aintzat hartu beharrekoa; horretarako berehala honako neurriak hartu behar dira:
      
LANGILEEN ETA BIZTANLERIAREN OSASUNA BABESTEKO PREBENTZIO-NEURRIAK INDARTU

    • Telelana posible den guztietan derrigorrezko izatea agindu.
    • Lantokietako ikuskaritza eta aforoen kontrola areagotu. Ikuskatzaile lantaldea indartu: 100 gehiago EAEn eta 50 Nafarroan.
    • Prebentzio zerbitzuak kontrol publikopean jarri, eta lantaldea administrazioaren esanetara.
    • Garraio publikoaren maiztasuna gehitu eta aforoa murriztu.
    • Aforoa zeharo mugatu, aintzat hartuz espazioen bolumena eta aerosol bidezko kutsatzearen inguruko ebidentziak.
    • Airea berritu edo garbitzeko sistemak derrigortu, aerosol bidezko kontaminazioa galarazteko.  

SISTEMA SANITARIO ETA SOZIOSANITARIOAREN ERANTZUNA HOBETU

    • Komunitate zientifikoarekin batera prozesu bati ekin, Covid-19aren jarraipen eta kontrol panel bat sortzeko. Indize bat finkatu (esaterako, 100), hortik gora eragindako biztanlerian test masiboak egiteko (udalerri edo osasun eremuen arabera…).
    • Kontaktuen detekzio, aztarna jarraitze eta kontrola zeharo indartu, positibo ia gehienak berehala identifikatuko direla ziurtatzeko. Radar Covid aplikazioa hedatu.
    • Langile sanitarioen kopurua gehitu, Europako batez besteko mailarekin parekatzeko.
    • Osasungintza pribatuaren interbentzio publikoa, lehen arreta eta ospitaleratzea posible izan dadin.
    • Arta ematen zaion pertsonako langile-ratioa berehala gehitu, zaintza soziosanitarioen sektoreetan.

EGOERA ARINTZEKO NEURRI EKONOMIKO ETA SOZIALAK

    • Langabe guztiek prestazioren bat jasotzeko eskubidea izan behar dute. Gaur hortik oso urrun gaude, eta krisiaren larriak premia hori are handiagoa dela nabarmendu digu.
    • Kalterik handiena jasaten ari diren sektore ekonomikoak lagundu, galerak konpentsatzeko mekanismoen bidez; hauek ezin dira soilik sinbolikoak izan. Sistemak ezarri alokairuen ordaina salbuetsi edo murrizteko. Adibidez, Alemanian salmentan izandako galeraren %75eraino itzuliko zaie krisiak eta murrizketek gehien erasandako enpresei.
    • Galarazi etxegabetzeak eta hornikuntzaren etenak bizileku alternatiborik ez duten pertsona kalteberen kasuan.
    • Berton ERTEak osatzeko sistema ezarri eragindako pertsona guztientzat.
    • Positiboa eman edota konfinatuta daudenak zaintzeko eskubidea finkatu; honekin lotuta laguntza ekonomiko bat izango da.

Neurriok guztiok aurrekontuak gehitzea dakarte. Hau egingarri izango bada sarrera publikoak hedatu behar dira. Zerga-erreforma bati ekin behar zaio, ELAk proposatu izan duen moduan: Zergak asko igo behar zaizkie enpresen etekinei, ondareei, kapitalei eta errenta altuei.
Bestalde, egungo legediak eragotzi edo galarazi egiten die Hego Euskal Herriko erakundeei pandemia honi aurre egiteko beharrezko diren erabakiak hartzeko aukera. Marko juridikoaren mugak oraingoan ere agerikoak dira. Burujabetza-marko bat behar dugu, hemen behar beste erabaki hartu ahal daitezen.

Azkenik, ELAk dei egiten die bere militanteei eta herritar guztiei parte har dezaten datozen aste eta hiletan izango diren mobilizazio dinamiketan. Mobilizazio soziala izan da eta izango da biztanleriaren zati handi batek parte-hartze demokratikorako duen bidea. Eta pandemia garaietan inoiz baino premia handiagoa da. Ez dugu onartuko mugitzeko murrizketak baliatzea traba egin diezaguten antolatzeko eta gizarte eredu justuago baten alde borrokatzeko eskubideetan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.