ARGIA.eus

2019ko apirilaren 22a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2018-08-03 09:26
Akordio horren bidez patronalaren eskuetan utzitako zenbait jardun, lan-bitartekaritzaren edo lanerako prestakuntzaren arlokoak, besteak beste, Lanbidek kudeatu beharko zituen.

EAEn, 2018ko lehen seihilekoan, 110.200 langabe zeuden, hau da, langabezia-tasa %10,8ko zen. Europako Batasunean, ordea, tasa hori %7,3koa da. Gazteen %27,8ek ez dute lanik, eta langabezian dauden pertsonen %56,2ek urtebete baino gehiago daramate egoera horretan. Gainera, lanean aritu arren, prekarietatea nagusituz doa, eta behin-behinekotasunaren tasa %23,9koa da. Kasu horietan guztietan (langabezia, behin-behinekotasuna, lanaldi partziala, gazteen langabezia) emakumeen egoera txarragoa da, gizonena baino.

2018ko apirilaren 16an Eusko Jaurlaritzak eta Confebaskek lankidetza-akordio bat sinatu zuten, enpleguaren eta kualifikazioaren alde. Horren helburua, haien esanetan, "hazkunde sendoa lortzea da, enplegu ugariagoa eta hobea sortuz, eta langabezia-tasak %10etik behera jaisteko asmoa bilatzea". Horretarako, hiru ekimen proposatu dituzte: euskal enpresen lehiakortasuna sustatzea, langabeak aktibatzea, eta emakumea lan-merkatuan txertatzea.

Gasteizko gobernuak abian dituen plan eta estrategietako ekimenetako asko berriro islatu dira akordio horretan. ELAk esandakoak berresan beharko ditu: agiri horietan bildutako neurriak ez dira eraginkorrak izan kalitatezko enplegu egonkorra sortzeko, eta ostera prekarietatea areagotu dute, eta egoera den bezalakoa izatera bultzatu.

ELAren iritziz oso larria da akordioaren bidez eskumena ematea patronalari, lan-azterketak eta bitartekaritza egiteko, gazteei lan-aholkularitza emateko, krisian murgilduriko enpresetan soberan dauden langileak birkokatzeko, lanerako prestakuntza emateko... Eta Lanbide zertarako dago, bada? Eta zer esanik ez enpleguaren kalitateaz edo emakumeak laneratzeaz. Proposatu diren neurriak emakumeak enpresek nahi izandako postuetan sartzekoak dira, berdintasun-planak garatzeko, eta lana eta familia kontziliatzeko. Horrela ulertzen al dute berdintasuna, genero-ekitatea? bada, hori da, hain zuzen, soldata-arrakalaren sorburua: emakumeak emakume-izaeragatik bereiztea, lan feminizatuak sortzea, berdintasun-plan teorikoak, ez egiazkoak, prestatzea, eta emakumeen lanbide-garapena are gehiago kondenatzen duten kontziliazio-neurriak hartzea.

Akordioan berariaz azpimarratu dute erronka horri erantzuteko beharrizana, eta enpresa-elkargoak eta Eusko Jaurlaritza elkarlan estuan aritzeko beharrizana. Bistan dago Urkulluren gobernuarentzat zertan den partaidetza: gobernuaren politikei eta ekimenei eusten dietenekin egiten eta desegiten ibiltzea, zeren horrela dena suertatzen da erosoagoa eta errazagoa. Euskal gizartearen bizi- eta lan-baldintzak benetan hobetu nahi dituztenekin, ordea, harremanik ez. Eta horri gizarte-elkarrizketa deitzen diote, gero!

Propaganda hutsa da, baina propaganda txarra, iruzurrezkoa. Zerbait egiten dutelako itxurak egiten dituzte, baina benetan ezer egin barik. Eta horren trukean prezio bat ordainduz, kostua badauka-eta. Patronalak, berriz ere, nahi duen enplegu-mota lortuko du, eta bere gogara diseinatu, diru-etekinak irabaziz, gainera.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.