2018-04-20 09:13

ELAk bezala beste askok ere datu objektiboekin erakutsi dute desberdintasuna lan miserablea hedatzearekin batera hazten dela. Beste arrazoia, politika publikoetan baztertu egin dela kohesio soziala sustatzeko helburua. PSOEren eta PPren lan erreformek eredu bat zuten: Ipar Ameriketako lan harremanena. Eta zeintzuk dira bere ezaugarriak? Enpresen boterea indartu, kontratu prekarioak hedatu eta mugimendu sindikala ahultzea. Horretan datza espainiar “miraria”.

Izan ere, Europar Batzordeak berak soldatak neurrian igo behar direla esaten duen bitartean aitortu du Espainiako soldatak produktibitatea baino gutxiago hazten ari direla. Ziniko hutsak dira! Bazekiten, gobernuek eta patronalak bezalaxe, langabezia maila altua bazen, ezarri zituzten erreformekin eta gure jendea edozein kontratu onartzera derrigortzen duen sistemarekin soldatak jaitsiko zirela, hori baitzen euren helburua. Eta horixe ari da gertatzen.

Gainera, enpresek -batik bat handiek eta administrazioek- soldatak jaitsiarazteko estrategiak garatzen dituzte. Azpikontratak, esternalizazioa, zerbitzu enpresak, outsourcing... Berdin dio izenak; kontua da xede bera dutela. Enpresen estrategia horiekin soldatak zeharo mozten dira. Gainbegiratu azkar batean ikus daiteke esternalizatzen dutela hala enpresa pribatuek, nola herri-administrazioek, edota MCC Kooperatiba Taldeak, eta hori egiten dutela multinazionalik zitalenaren pare lehiatu ahal izateko, ahalik hitzarmen okerrena aplikatzeko, baldin eta hitzarmenik badago. Batzutan hitzarmena negoziatzen da enpresek “jarritako” ordezkari sindikalekin. Beste kasu batzutan hitzarmenak eskubide sindikal jakin batzuk aitortzen ditu -liberatuak, alegia-, eta hori besterik ez da sinatzeko arrazoia. Hori ez da ELAren eredua, baina mundu errealean badago horrelakorik.

Emaitza: sistemak AEBetakoaren antza gero eta handiagoa du. Desberdintasuna Euskal Herrian areagotzen ari da soldatek aberastasunean duten zatia murrizten ari delako. Egia da jende gehiago ari dela lanean, baina horrela izanagatik, banaketan gutxiago jasotzen dugu. Genero ikusmoldea baliatuz, kontratu miserable berrietan kaltedun gehienak emakumeak dira. Hori esaten du ELAren behatokiak.

Bestalde, CEBEKek, Confebaskeko kide den Bizkaiko patronalak, administrazioak deitzen dituen LEP handiak kritikatu ditu, arlo pribatuan enpleguari pizgarriak kentzen dizkiolako eta “ekintzailetza” eragozten dutelako. Urteak igaro dira LEPik gabe, plantilla estrukturalak bitarteko eta aldi baterako langilez beteta daude, euskal administrazioek estatuaren agindua zorrotz bete duelako... eta CEBEKi halako astakeria botatzea baino ez zaio otu. Patronalak nahiko al luke langile publikoen %100 bitarteko eta aldi baterako egoeran egotea? Hori al da bere enpresa eredua? Eusko Jaurlaritzari esan diote zergak igo baino lehenago gastu publikoa murriztu behar duela. “Asko dago murrizteko”, izan da euren errepika. Noski, CEBEKen irtenbidea litzateke zerbitzu publikoak pribatizatzea, negozio pribatua sendotzeko. Eurentzat ez baita arazoa osasun edo hezkuntza pribatua ordaintzea.

Gainera, CEBEKen ordezkariak kargu hartu zien euskal funtzionarioen soldatei, arlo pribatuko ordainsariei goranzko presioa eragiten baitie. Ez daukate lotsarik! Patronala soldata duinekin ez dago gustora. Halaber, diru-sarrerak bermatzeko errentari (DSBE) ere ez deritzote ondo, gizarte-prestaziak esker jendeari eskaintzen dizkioten kontratu negargarriak ukatzeko lagungarri baitira. Erasoka ari dira, etengabe, soldata duinak jaisteko eta gizarte-prestazioak areago murriztu ditzaten.

Enpresaburu hauek azal lodia dute, gero. Okerrena da, ordea, politika munduan inork ez diela aurre egiten. Eta hau premiazkoa da. Badirudi batzurentzat kapitalaren eta lanaren arteko gatazka txorakeria bihurtu dela. Eusko Jaurlaritzak, berriz ez die ugazabei kargu hartzen; aitzitik, bat dator eurekin. Urkullu Lehendakariak esan du “irakaskuntzako murrizketen diskurtsoa hamaika bider errepikatutako gezurra da”. Murrizketak, beraz, “kondaira urbanoak” lirateke. Krisi garaiko murrizketak salatzeko mobilizatu direnak ergelak dira, edo bestela izaki gaiztoren batek abduzituta daude.

Patronala ez omen da politikan sartzen. Baina CEBEKek ozen esan du oso garrantzitsua dela gobernuei “egonkortasuna” ematea; EAJk, PPk eta Ciudadanosek akordioa iritsi behar dute aurrekontuen inguruan. Bost axola espainiar Gobernuak giza-eskubideak urratzea edo demokraziari erasotzea. Horiek “albo-kalteak” lirateke. Bere klasearen interesak oso ondo zainduta daude, agintzen duen gehiengoari esker, eta honek PSOEren laguntza ere badauka, behar izanez gero (gogoratu nola atera zen aurrera Sozietaten Zergaren erreforma); kontua da eskatzen duen guztia emango zaiola bermatzea.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.