2019-03-14 17:26
EAEko Auzitegi Nagusiak ELAri arrazoia eman dio; CIE Mecauto enpresa arabarrak SGEko langileak plantillan sartu beharko ditu. Hona hemen gaiaren inguruan Landeia 232k dakarren elkarrizketa.

EAEko Auzitegi Nagusiak ELAren alde ebatzi du, CIE Mecauton langileen legez kontrako lagapena gertatzen ari zela frogatutzat jo baita; eta ondorioz, Auzitegiak langile demandatzaileak enpresa horretako plantillan sartzera behartu du, kontratu mugagabeekin eta CIEren hitzarmen kolektiboaren baldintzekin. Garaipen sindikal hori lan planifikatuaren eta CIEk Araban dituen lau lantegietako ELA-ordezkarien ahaleginen ondorioa izan da. Hala azaldu digute Egoitz Iturbek eta Ioritz Perez de Mendigurenek, Industria eta Eraikuntzako arduradunek,

Garaipen sindikal hori ia bi urteko lanaren emaitza da. Nola hasi zen kontua?

2017ko hasieran SGEko langileak hasi ziren banan-banan sindikatura etortzen, eta kontatu ziguten CIEren Arabako lau lantegietan lan egiten zutela. Langile-kidego hura 40 eta 50 lagun bitartekoa zen, eta UGTk sinaturiko enpresa-hitzarmen bat zuten. Hitzarmen haren araberako soldatak 11.000 eurokoak ziren urtean, lanaldia 1.800 ordukoa, kontratuak behin-behinekoak eta malgutasuna nahi adinakoa. Baldintza horiek askoz apalagoak dira, Metaleko Arabakoak baino, eta CIE taldekoak baino.Harez geroztik CIEn geunden ELA-ordezkari guztiok elkartu ginen, eta modu koordinatuan aurre egitea erabaki genuen. ELAk erabateko gehiengoa du CIEn.

Gure jendearen iritziz SGE ez da ohiko azpikontrata bat, langileen legez kontrako lagapen bat baizik. SGEko langileak eta CIEkoak elkarren ondoan ari dira lanean, batzuetan CIEk berak ere kontratatzen ditu zuzenean. SGEk ez du batere autonomiarik, eskulan merkea lortzeko pantaila-enpresa bat da, CIEk sortutakoa. Batzuetan SGEk ABLE/ETTetara ere jotzen du langile bila.

Behin diagnostikoa eginda, zein izan ziren hurrengo pausoak?

Lau lantegietan modu antolatu eta koordinatu batez jardutea erabaki genuen. Ahalik eta informazio eta proba gehienak biltzen saiatu ginen, Lan Ikuskaritzara jotzeko. Gero demanda aurkeztu, eta 2017ko abenduan Ikuskaritzak irizpen bat eman zuen gure alde; hau da, langileen legez kontrako lagapen bat zela aitortu, eta CIE premiatu zuen langile horiek zuzenean kontratatzera, isun handi batekin batera. Lan Ikuskaritzaren irizpen hori eskuan genuela, ordezkariok SGEko langileak bildu genituen, eta kontratua finko bihurtzeko eta lehengoratzeko banan-banan epaitegian eskatzera bultzatu genituen. Hamar langile bakarrik, hamarrak CIE Mecautokoak, ausartu ziren hasiera batean hori egitera. Baina, aldi berean, hasi ginen negoziatzen CIErekin, eta azkenean akordio bat lortu genuen. Horren arabera langile guztiei eman zitzaien CIEko plantillan sartzeko aukera, eskubide guztiekin. Horrek hobekuntza ugari ekarri die, besteak beste, 7.000 euroko soldata-igoera urtean, orduak murriztea, kontratazio egonkorra, malgutasuna mugatzea... Hainbat arrazoirengatik 6 langilek ez zuten CIEra aldatu nahi, eta kalte-ordain duinak jaso zituzten.

ELArekin lorturiko akordioa eta guzti, CIEk auzibidetik jarraitu zuen...

Beren abokatuen aholkuei jarraikiz auzitan jarraitu zuten, enpresaren izen ona gorde nahian; baina epaitegiek arrazoia eman digute berriro. Lan Ikuskaritzak eta Lan-arloko Gasteizko 3 zk.ko epaitegiak ebatzi zuten CIE taldeak langileen legez kontrako lagapena egin zuela. EAEko Auzitegi Nagusiak ere, 2019ko urtarrilaren epaiaz, lehen auzialdiko epaia berretsi du, CIE Mecautok SGE enpresaren bidez egindako iruzurra egiaztatuz. Epaiak dioenez, eskulana legearen aurka laga delako kasu argia da, lan-eskubideei kalte larria eragin diena; eta beraz, langile demandatzaileak CIE Mecautoko plantillan sartzeko agindu dio.

CIE taldearen jokabide maltzurra agerian geratu da...

Zalantza barik. Atera den ondorioa zera da: enpresa hori amarru guztiez baliatzen da —legez kontrakoak ere bai— etekinak sortzearren; horretarako, langileak prekarizatu behar baditu ere. Denon ikusgai geratu da ELA dela erreferentzia-sindikatua plantilla batek bere eskubideak zaindu nahi dituenean. Epai horrez geroztik lehengoratze gehiago gertatu dira: SGEko bi langile CIE Recytec-en txertatu dira. Borroka kolektiboaren aldeko apustua egin dutenek kontratuak lehengoratzea lortu dute, ELAren eskutik.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.