2019-07-05 11:54
Hona agintea berehala utzi behar duen Nafarroako Gobernuaren azken erabakietako bat: hitzarmena UGT, CCOO eta CENerekin, 400.000 euroko laguntza emateko Lurraldeko Prebentzio Ordezkariei (LPO). Zuzeneko esleipena da laguntza hori, hots, inongo lehiaketa publikotara aurkeztu gabe jasoko dute dirua hiru erakunde horiek. Ez da kontu berria, dena den: UPNren eta PSNren gobernuek urte luzez eman zieten dirua erakunde horiei, zenbait plan, programa eta hitzarmen izendunen bidez, eta 22 milioi eurokoa zen urteko aurrekontua.

Politika horren helburua hau zen: Administrazioaren “leihatila” bihurtzea UGT eta CCOO, eta haiei azpikontratatzea babes ofizialeko etxebizitzen emakida, trebakuntza-ikastaroak, migratzaileen arreta edo laneko osasuna. ELAk zoriondu egin zuen Gobernua dirua emateari utzi zionean UGT eta CCOO finantzatzeko aitzakia gisa erabiltzen ziren programei, aurrerapausoa izan baitzen Nafarroako gizartea demokratizatzeko bidean.

Kontuen Ganberak ere gaitzetsi egin zuen jokabide hori (zehazki, “enplegu-`planak” deritzenak eta trebakuntza-ikastaroak); ELAren salaketari esker jakin zen, bestalde, UGT eta CCOOeko 170 kidek zuzenean Gobernutik jasotzen zituztela beren nominak, osorik zein partez.

Aurrekari horiek ikusirik, oso kezkagarria deritzogu Uxue Barkosen eta Manu Aierdiren Gobernuaren azken erabakiari, hau da, berriz ere sindikatuak eta patronala gainfinantziatzeari. Izan ere, Administrazioari dagokion zeregin bat (laneko osasunaren zaintza) sindikatu horiei azpikontratatu die Administrazioak, eta 400.000 euro eman dizkie beren nominak ordain ditzaten.

Onartezina da erabakia, baita ikuspegi etikotik begiratuta ere, eta oso kezkagarria alderdi politikotik aztertuta.

Gogora dezagun zer dagoen laneko istripuen atzean: prekarietatea, enplegurik gabe gelditzeko beldurrez lan egin beharra, trebakuntzarik eza, behin-behinekotasuna, prebentzio-baliabiderik eza…; laburbilduz, langileen osasunean deus ez inbertitzeko patronalaren erabakia. ELAren iritzian, hau da konponbidea: Nafarroako Administrazioak jende gehiago zuzenean kontratatzea, enpresak behar bezala ikuskatu eta prebentzio-neurriak betetzen diren begira dezaten.

Baina LPOak egituratzeko modua ikusirik, garbi dago zein den benetako helburua. Hona zer lortu duen CEN patronalak (zalantzarik ez geneukan lortuko zuela): ikuskatzaileek (UGT eta CCOOeko liberatuak) enpresaren bat gainbegiratu aurretik, patronalaren baimena behar dute; hau da, beren borondatez entregatzeko aukera ematen zaie “gaizkileei”. Lorpen sindikal izugarria, alajaina! Garbi dago, beraz, prebentzioa aitzakia bat baino ez dela, sindikatu horiek finantzatzeko asmatua.

Gaiaren irakurketa politikoak, berriz, gainditu egiten du LPOei buruzko hitzarmena. Jakin nahi genuke zer dela-eta ekin dion berriro Gobernuak erakunde horiei diru-laguntzak emateko politikari.

Ziur aski, erantzunak badu zerikusirik egunotan PSN, GBai, Podemos eta I-E gobernua osatzeko eta programa-hitzarmen bat lortzeko egiten ari diren negoziazioekin. Hori horrela balitz, zera adieraziko luke: Gobernuak eta, bereziki, GBai-k akordioa lortu nahi dutela PSNrekin eta adostu beharreko erabakien artean dagoela gainditua zirudien lehengo eredu hartara itzultzea (“elkarrizketa soziala” zeritzonera, alegia), non herritar guztion artean ordaindu beharko baititugu, berriro ere, UGT, CCOO eta CENen nominak. Ez dezagun ahantzi, bestalde, LPOei ordaintzeko 400.000 euro horiek ez direla ezerezetik atera, baizik eta lauko gobernuko alderdi guztiek onartutako Nafarroako Aurrekontu Orokorren kontu-sail batetik.

Hori guztia ikusirik, ELAk uste du badagoela arrazoirik erne egoteko akordio horiek direla-eta, politika publikoen bidez lagundu nahi baitzaie erregimenaren zenbait interesi eta onuraduni. Begien bistakoa da mahai gainean dela berriro “elkarrizketa soziala” deritzoten hori. Ea noraino iristeko prest dauden GBai eta egunotan PSNrekin negoziatzen ari diren gainerakoak...

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.