2018-12-19 17:07
Hogeigarrengo aldiz Bizkaiko Bulego eta Langelen Hitzarmena negoziatzen duen mahaia bildu da. CEBEKek egin zuen deialdia, ustez proposamenen bat ekartzekoa baitzen ELAk greba hasi aurretik aurkeztu zuen plataformari erantzuteko. Haatik, CEBEKek ez du inolako proposamen konkreturik egin. Areago, patronalak adierazi du bere asmoa dela “estatuko hitzarmena Bizkaiko probintzialera ekartzea”. Negoziatzen jarraitzeko beste bilera bat egiteko aukera aipatu ere ez du egin.

CEBEKek ez du Bizkaiko Lan Hitzarmenik nahi. Enpresetan Hitzarmen Estatalak inposatu nahi ditu. Hau da, bere helburua da sektoreko langileak areago prekaritzatzen eta pobretzen jarraitzea.

Estatuko hitzarmeneko edukiak Bizkaian ezarri nahi izatea zeharo injustua da, sektoreko enpresak lortzen dituzten etekinak ikusirik, baina gainera CONFEBASKek duela bi urte sinatu zuen Lanbiderateko Akordioaren aurka doa; honen helburua zen hitzarmen probintzialek lehentasuna izatea estatalen gainetik. Beraz, jokabidea lotsagarria da.

Greba duela astebete hasi zen. Aste honetan hamaika mobilizazio, elkarretaratze, manifestazio, kotxe-karabana, enkartelada eta batzar egin dugu. ELAren iritziz positiboa da langileek gatazkan duten inplikazioa. Gaur esan dezakegu ELAren inguruan sektorean egin den lanari eta bultzadari esker urte gutxitan lozorro sindikaletik sektore ahaldundu izatera pasa garela; gure aldarriak justuak direla badakigu, CEBEKen jarrera gogorra izanagatik ere.

Horrenbestez, beste sindikatuei dei egiten diegu gure borrokarekin bat egin dezaten. CEBEKek Lan Hitzarmenari atea ixten badio langileon aldetik erantzuna borrokarik irmoena izan behar da, ELA egiten ari den moduan. Greba mugagabea eta batasun sindikala CEBEKi eman diezaiokegun erantzunik indartsuena litzateke.

Abenduaren 20an sektorean greban daudenen batzar irekia egingo dugu aurrerantzean egin beharreko mobilizazioak erabakitzeko. Hilaren 26an Jaurlaritzak bilera bat deitu du gutxieneko zerbitzuez hitz egiteko.

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.