2020-12-04 12:13
Kutxabank Publikoa plataformak (ELA, LAB, Steilas, Hiru, EHNE, Pentsionistak Martxan, Ekoneus…), Associació Caixa Catalanak, CIGak, FECek, CSCk, Plataforma por una Banca Públicak eta ATTACek Caixabank-Bankia fusioa errefusatu dute, banku publikoa lortzeko bidea are gehiago zailduko duela iritzita. Plataforma osatzen duten eragileek azaldu dutenez, fusioak ondorio larriak eragingo ditu: konpetentziak behera egingo du bankuen kontzentrazioak gora egin ahala; finantza sistemaren ezegonkortasuna handituko da; erabiltzaileentzako baldintzak okertuko dira; enplegua suntsituko da; ekintza soziala murriztuko da; kontrol soziala jaitsiko da; eta bankuak euren jatorrizko lurraldeetatik are gehiago aldenduko ditu, gertutasuna lausotuz.

Caixabank-Bankiaren fusioak banku publikoa lortzeko bidea are gehiago zailduko duela uste dute Kutxabank Publikoa plataforma osatzen duten eragile guztiek eta ondorio larriak eragingo dituela gogorarazi dute: erabiltzaileentzako baldintzak okertuko dira, enplegua suntsituko da eta kontrol soziala jaitsiko da, bankuak euren jatorrizko lurraldeetatik are gehiago aldenduz.

Bide beretik, banka oligopolio bat sortzeak, elektrikoaren eta karburanteenaren antzekoa, hau da, merkatua 2-3 enpresen kontrolpean uzteak, ondorio latzak izango dituela gogorarazi dute: gehiegizko komisioak, kredituaren okertzea eta “erortzeko handiegiak diren” entitateen xantaia.

“Aurreko krisian banka pribatuaren aspaldiko helburua bete zen: aurrezki kutxak suntsitzea. Aurrezki kutxek aurrezkien erdia baino gehiago biltzen zuten, batez ere haien lurraldeetan inbertitzen zuten eta mozkinen zati handi bat gizarte ekintzara bideratzen zuten. Horiek galtzerakoan lurralde eta autonomia erkidego askok proiektu estrategikoak finantzatzeko eta beste hainbat kontuetarako finantza autonomia galdu dute”, kexu dira.

Azpimarratu dutenez, 2008ko krisia banku pribatuen jokaera arriskutsuaren ondorioz sortu zen, eta erreskatea sektore osoari eman zitzaion, “eta ez maltzurkeriaz esan zuten moduan, Kutxei soilik”.

“Lehendabizi Kutxak banku bihurtu zituzten, ondoren akats handiak egin zituzten eta azkenean erreskatera bidali zituzten. Irabazi zuten bakarrak bankuak izan ziren, Kutxak zorrik gabe eta opari prezioan jaso dituztelako. Beste kasu batzuetan, burtsara ateratzera behartu zituzten, eta haien akzioek urte gutxiren buruan balioaren erdia baino gehiago galdu dute”.

Bat-egite proiektu horrek eta jarraituko duten beste batzuenak bezala, kontzentratzearen joera negatiboan sakontzen duela diote. Horrela, espainiar estatua Europan banka publikorik ez duen bakarra izango dela gogorarazi dute: Estatu garatuenek (Alemaniak, Holandak, Frantziak, etab.) aurrezkiaren % 50 inguru aurrezki kutxetan, kreditu kooperatibetan eta erakunde publikoetan dute.

Banka publikoaren beharra defendatu dute, bezeroekiko tratuan erreferentzia izango dena eta jarduera pribatuaren arriskua gutxituko duena, hain zuzen ere, dibidenduak bilatzearen truke kaudimena murriztu eta, ondorioz, finantza krisiak sarriago eta suntsitzaileago bihurtzeko arriskua saihesteko. “Bien bitartean, bankuen elitearentzat neurriz kanpoko ordainsariak bideratzen dira”.

Plataformak ozen dio Estatu osoak eta bere lurralde guztiek inbertsio zati handi bat haien produkzio sarera eta benetako ekonomiara zuzentzea behar dute eta ez finantza merkatuetara. “Herritar ahulenen esklusio finantzarioa saihestu behar dugu, erabiltzaileek gehiegikeriarik jasan gabe eta kontuak edukitzeagatik gehiegizko komisioak kobratu gabe”.

Gauzak horrela, Bankia-Caixabanken bat-egite horretan Estatuaren interesak defendatu ez direla salatu dute. Izan ere, Estatuak Bankiaren jabetzaren % 61,8a izan arren, hasieratik utzi zion banku publiko gisa jarduteko betebeharrari. Saltzeko asmoa adierazteagatik  eta kudeaketa eskasa egiteagatik mozkinak jaitsi eta kotizazioa izugarri jaitsi da, aktiboengatik eta merkatuan duen presentziagatik dagokion balioaren %25,48raino. “Orain irizpide bakar hori erabiltzea guztion dirua musu-truk ematea da”, laburbildu dute.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.