2018-11-15 13:56
ELAk iragartzen du harremanen txanda bati ekingo diola Justizian ordezkaritza duten sindikatuekin, EAEn mobilizazioak bultzatzeko, eta Nafarroan abian diren mobilizazioekin jarraitzeko. Botere Judizialaren Lege Organikoaren (BJLO/LOPJ) erreforma, Espaniako Diputatuen Kongresuan eztabaidatzen ari da une honetan. Erreformak sei hilabetera mugatuko ditu errefortzuko funtzionarioen izendapenak, eta debekatuko behin-behineko pertsonalaren ordezpenak; hitz batez, enplegua murriztuko du eta zerbitzu publikoa kaltetu.

 

Bestalde, pertsonal finkoaren zenbait eskubide ezabatuko dira, mugikortasunari eta lanpostuak hautatzeari dagokienez. Behin-behineko langileen oinarrizko eskubide batzuk ere arriskuan jarriko dira; izan ere, lizentzia eta baimen ordainduetan dauden bitartean ordezpenik ez egiteko mehatxua azaleratu da, nahiz eta horretarako eskubidea izan.

ELAren esanetan, hasiera batean erreformaren helburua norberaren aukerako 9 egunak berreskuratzea zen besterik gabe; baina zenbait alderdi politiko horretaz baliatu dira murrizketa larriak sartzeko, eta aurrera atera da, besteak beste, PP, PSOE, Podemos eta EAJ alderdien aldeko botoei esker. Gainera erreforma horren izapidetzea isil-gordean egin da, Estatuko Gobernuak ez du behin ere deitu Justiziako Sektore Mahaira, sektore horretako langileak hain larriki hartuko dituen erreforma horretaz aritzeko.

Erreforma hori politika neo-liberalen eta austeritate-politiken beste emaitza bat izan da, Estatuaren ikusmolde zentralista eta uniformatzailearen ondorioa. Bere baitan dakarren Estatutu Juridikoa ere oso zentralista da, estatuko sindikatuek "hortzez eta haginez" aldeztu dutena; eta, orain arte behintzat, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren kontrako irizpenik jaso ez duena, alegia, arlo horretako eskumen osoa hartzearen alde espero izatekoa zen irizpena.

Erreforma horren aurrean, azaroaren 16rako, estatu osoan CCOOek eta CSIFek deitu zuten grebaren berri prentsaren bidez jakin genuen ELAn. Greba-deialdi hori egiterakoan, ez dute kontuan hartu ELAren, CIGen eta Estatuko Mahaian ordezkaritza duten gainerako sindikatu periferikoen iritzia.

ELAk estatuko deialdiarekin bat egitea edo ez egitea aztertzen zuen bitartean, EAEko sindikatu nagusiak (CCOO) erabaki zuen EAEn greba ez egitea, eta horren partez ordu erdiko elkarretaratzeak egitea EAEko hiru hiriburuetan, eta Nafarroan aldiz egun osoko grebari eustea.

Egoera horren aurrean, ELAk EAEn ez du parte hartuko elkarretaratzeetan, CCOOen itxurakeria hutsa direlakoan; eta datorren astean proposamen bat aurkeztuko die gainerako sindikatuei, erreforma berehala erretiratzeko, eskumen osoa lortzeko bidean aurrera egiteko, lege organiko bidez arauturiko kidego nazionalaren izaera kentzeko, eta Eusko Jaurlaritzari, erreforma bere egin gabe, arlo horretako eskumen osoa hartzeko hautua egin dezan eskatzeko.

Nafarroan berriz, greba-deiarekin bat egingo du Nafarroan, ordezkaritza duten sindikatu guztiekin batera. Hori izango da mobilizazioen hasiera, erreforma horri uko egiteko, eta hura erretiratzeko eskatzeko. Aldi berean Nafarroako Gobernuari deitzen diogu erreformaren aurka jartzeko, berez eskumen hori murritza bada erreformaren bidez are gehiago hustuko delakoan. Nafarroako Gobernua premiatzen dugu eskumen osoa erdiesteko urratsak egitera, eta erreforma hori ez betetzera.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.