2019-02-01 13:35
Bertan behera geratu dela Bizkaiko dendetan -Mungian izan ezik- deituta zegoen laugarren greba eguna, enpresa-batzordeak zuzendaritzarekin aurreakordioa lortu eta gero. Aurre akordioan jasota geratu denez, bajak sektoreko batez bestekoa bermatu arte osatuko dira, eta aldi baterako langileak kontratatuko dituzte 2018an eta 2019an emandako eszedentziak -senideak edota seme-alabak zaintzeko- osatzeko, besteak beste.

Hauek dira adostutako puntuak:

  • Lanaldi gehienak finkatu egingo dira eta hainbat behargin kontratatuko dituzte.
  • Aurrerantzean ez da mugarik izango lanaldi soberakinari dagozkien orduak zapatuetan hartzeko.
  • Bajak sektoreko batez bestekoa bermatu arte osatuko dira.
  • Bitarteko langileak hartuko dituzte 2018an eta 2019an emandako eszedentziak -senideak edota seme-alabak zaintzeko- osatzeko.

Batzorde bat sortuko da asteko atsedenaldiaren aplikazioa negoziatzeko; helburua da zapatu batzuk hartzeko aukera izatea.

Durangoko dendan merkataritza eredu berri bat ezarriko da, Mungiakoaren antzekoa, azpiegiturak zaharberritu eta hartara salmenta kopuruari eta enpleguari eusteko.

Aurreakordioa dela eta, enpresa batzordeak bertan behera utzi du deituta zegoen greba eguna. Zapatuetan libratu ahal izateko batzordeak martxoaren 31ra arteko epea izango du lan egiteko; orduan erabakiko da gatazkarekin jarraitu ala ez, asteko atsedenaldia nola aplikatzen den ikusita; gauzak ondo bidean, aurreakordioa behin betikoa izango da.

ELAren ustez aurreakordioa positiboa da grebaren arrazoi nagusietako bat zelako dendetan langile gutxiegi egotea. Lanaldiak finkatuta, beharginak kontratatuta eta bajak osatuz gero dendetan lan giro egokiagoa lortzea espero dugu.

Halaber espero dugu enpresak langile guztientzat ahalik larunbat gehienetan jai hartzeko modua bilatuko duela (gai hau bereziki garrantzitsua da sektore honetan, non enplegatu gehienak emakumeak diren), asteko atsedenaldiaren bidez. Hala ez bada, Aste Santurako mobilizazio egutegi berri bati heldu beharrean izango gara.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.