2020-02-04 13:43
Gatazkak jarraitzen du Bizkaiko kirol-lokal eta zelaien sektorean. LAB, UGT eta CCOO sindikatuek joan den astean adostasun ofiziala adierazi zuten CEBEKek egindako azken eskaintzarekiko, eta bertan behera utzi zituzten otsailaren 4, 5 eta 6rako sindikatu guztiek aurreabisatu genituen greba egunak.

ELAk greba deialdiari eutsi zion, ordea, eta, ondorioz, gatazkak kaleetan darrai. Eta hala
egin zuen, patronalaren eskaintzak gabezia oso larriak dituelako. Hasteko, negoziazio
mahaian orain arte lortutako edukietan oraindik hobetzeko tartea dagoelako: 1.200 euroko
gutxieneko soldata ez delako bermatu, lanaldi partzialeko kontratuak hobetzeko neurririk
ez delako eskaini, kontratak erreskatatzen diren kasuetan enpleguari eusteko bermerik ez
dagoelako, edo patronalaren eskaintzak ez duelako jasotzen ELAk diseinatutako
inaplikazio klausula. Azken klausula hori gabe, enpresek bidea zabalik dute hitzarmen
kolektiboaren edukiak ez aplikatzeko.

Susmagarria zen patronalak klausula hori hitzarmenean jasotzeari uko egitea. Klausula
horren helburu bakarra da alderdiek hitzartutakoa beteko dutela bermatzea. Non dago
arazoa?

Arazoa da sektoreko enpresa batzuek kontratu publikoak indarrean dituztela, eta horietan
dagoeneko finkatuta dagoela esleipen-prezioa. Halakotan, enpresek ez dute aukerarik lanhobekuntzak
administrazio publikoari jasanarazteko. Azken egunotan argi geratu da
patronalak zein motibazio duen inaplikazio klausulari uko egiteko: sektoreko enpresa
jakin batzuek ez dute hitzartutakoaren kostua asumitu nahi, eta ez dute hobekuntzetako
batzuk aplikatzeko asmorik. Horretarako, inaplikazio sistema erabili nahi dute, eta
horregatik da arazo bat ELAk proposatutako klausula.

Ondorioa agerikoa da: Cebekek eskaintza egin du, jakinda sektoreko enpresek ez dutela
akordioa errespetatzeko asmorik.


Patronalak duela aste batzuk egindako “eskaintzak”, beraz, helburu bakarra zuen:
sektoreko mobilizazioekin amaitzea, eskaintza hutsal baten bitartez. Horregatik,
sektoreko langile guztiei dei egiten diegu datozen egunetako mobilizazioekin bat egitera,
hitzarmen duin baten defentsan. ELAk ziurtatzen die ez dela sinatuko hitzarmenik
aplikazioa bermatuta ez badago eta hitzarmen hau enpresengandiko erasoetatik
babesteko borrokatzen jarraituko dugula.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.