2019-01-22 08:17
H & M enpresak iragarri duelarik Max Centerreko bere denda itxiko duela, Bizkaiko lau dendetako (Max Center, Zubiarte, Ballonti eta Artea) langileek mugarik gabe larunbatero greba egitea erabaki dute, datorren urtarrilaren 26tik aurrera; goizeko hamaiketatik eguerdiko ordubatera bitartean bilkura egingo dute Max Centerren.

Urtarrilaren 9an H & M taldeak jakinarazi zigun Max Centerreko denda ixteko asmoa; Estatuan urteko lehen seihilekoan beste sei denda ere ixtekotan da, alokairu kontratuak amaitu ahala. Langileak Estatuko beste denda batzutan birkokatzeko plana badago, baina ELAk uste du eskaintza hori kaleratze hutsa dela, mozorrotua izanagatik ere, izan ere, langile gehienak emakumeak baitira, kasu askotan lanaldi murriztua eta lanaldi partziala dutenak.

Bartzelonan gaia aztertzeko izan zen negoziazio-batzordearen eratze bileran ELAk galdegin zuen dosierra lantoki bakoitzean negoziatzea, probintzia bakoitzeko gehiengo sindikala desberdina izanik. Bizkaian enpresa-batzordeak 9 kide ditu (ELAko 5, CCOOeko 3 eta LABeko 1). Bilboko Moyua plazako denda itxi zenean lor zitekeen kalteordainik handiena irabazi zen, langileen birkokapena eta laguntza handiak lekualdatzeak egiteko.

ELAk enpresari kargu hartu dio trikimailu baten bidez EREa estatu mailan erabakitzea nahi duelako, Bizkaian nagusi diren sindikatuek duten ordezkaritza askoz txikiagoa baitute; sindikatuaren susmoa da erabaki horren xedea izango dela Moyuako itxieran baino baldintza askoz ere urriagoak iristea.

Grebaren helburuak dira gaur Max Centerren lan egiten duten behargin guztiak (aktibo direnak, baina baita eszedentzia eta baja egoeran daudenak ere...) Bizkaiko beste dendetan birkokatzea, eta lor daitekeen kalteordainik handiena enpresatik alde egitea erabakitzen dutenentzat.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.