2020-05-10 10:43
ELAk salatu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak krisia baliatu nahi du enpresei zergak murrizteko. Prentsara filtratutako albisteen arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak Sozietateen gaineko Zergaren zati bat 2021eko uztailera arte atzeratu nahi du (2019ko Sozietateen gaineko Zergaren %60ren ordainketa izoztu ahal izango dute). Gainera, zerga ordaintzea ekidin ahal izango dute aktibo finkoetan inbertsioak egiteko, ikerketa- eta garapen-proiektuetarako eta enpresa sortu berrietan partaidetzak eskuratzeko. Enpresan lanpostu finko berriak sortzeagatik kopuru hori konpentsatzeko atea ere ireki da.

ELAren esanetan pandemiaren ondorioek ekonomia goitik behera kolpatu dute. Aurreikuspenen arabera, diru-sarrerek beherakada handia izango dute aurten, eta gastuak nabarmen egin du gora eta are gehiago egingo du etorkizunean. Testuinguru horretan, beharrezkoa da diru-sarrera publikoak handitzea, krisiaren kostua zor publiko batekin finantza ez dadin, ziurrenik zor hori ordaintzeak murrizketa sozialak ekar ditzazkeelako etorkizunean, 2008ko finantza-krisiaren ondoren gertatu zen bezala. Beraz, errenta altuei, enpresei eta kapitalari zergak igotzea beharrezkoa da.

Baina ez dirudi hori Bizkaiko Ogasunaren helburua denik, ezta izan denik ere; izan ere, aurreko hilabeteetan PFEZeko zerga-arauen aldaketa ikusi dugu, arrisku-kapitaleko inbertsioen kudeatzaileei %50 aurrezteko aukera ematen ziena, edo zergen salbuespena 2020ko futboleko Eurokopan parte hartzearekin zerikusia zuten enpresentzat. Gainera neurri hori konfinamendu egoeran onartu zen, Covid-19aren ondorio ekonomiko eta sozialak nabarmenak zirenean. Hori guztia gutxi balitz, Unai Rementeriak ere ondarearen gaineko zerga kentzea proposatu zuen, zeina gizartearen gutxiengo aberatsenak bakarrik ordaintzen du.

Azken hilabeteetako egoeraz gain, gogora dezagun 2018an onartutako Sozietateen Zergako tipo nominalean emandako murrizketa. Enpresek horren ondorioz, milioika euro gutxiagoko ekarpena egin diote azken urteetan ogasunari.

ELAk salatu du neurri neoliberalak eta sistema fiskala gero eta bideratuago dago inbertitzaile handien interesen alde egitera, baita patronalaren interesen alde egitera ere, hartutako neurri berriak erakusten duen bezala. Beste behin ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren benetako aurpegi neoliberala erakusten da; izan ere, gauzak gaizki doazenean, enpresak dira neurriez baliatzen lehenak, baina ekonomia suspertzen denean, enpresak dira diru-kutxa publikoari laguntzen azkenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.