2019-07-05 13:46
Gipuzkoako erresidentzietako langileek Donostiako Bulebarreko kanpaldiarekin jarraitzen dute, inoiz baino kementsuago. Euren lehen gaua bertan igaro ondoren, bisita asko jaso dituzte, besteak beste, Bizkaiko erresidentzietako langileena. Gaurko egitaraua gosari herrikoi batekin hasi da, eta giro ederraz gozatu ondoren, Bizkaitik etorritako ELAkide batzuen bizipenak entzuteko parada izan dugu.

Gogoratuko denez, Bizkaiko erresidentzien greba 2017ko urrian bukatu zen garaipen handi batekin: 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko asteko lanaldia lortu zituzten (beste hobekuntzen artean), beti ere gatazka luze eta gogorrari eutsi ondoren. Hain justu, gatazka berdintsu batean daude murgilduta orain Gipuzkoako erresidentzien langileak, berriro ere ELAren eskutik.

Gauzak horrela, Mitxel Lakuntza, ELAko idazkari nagusia, Donostian izan da bere babesa eta animoak grebalariei ematera. “Zuek zarete sindikatuak duen gauzarik onena, bizitza eta zentzua ematen diozuelako. Horrelako gatazka batek bidegabekeria azaleratzen du, eta zuek egiten ari zaretena izaugarria da. Euskal Herriko mugak gainditzen ari gara: Parisetik deitzen digute zuen bizipenak han kontatzeko”.

Bizkaiko ELAkideek, bestalde, euren bizipenak partekatu dituzte. Marina, Maribi, Maite, Kontxi eta Iria eseri dira Bulebarreko kioskoaren ondoan, eta arreta osoa jaso dute, euren mezuak merezi du eta. “Ohiko lan gatazka bezala hasi zena gatazka feminista handia bilakatu zen; gure aldarrikapenek utopikoak ziruditen, baina irabazi genuen”. Garaipena lortzeko osagai asko aipatu dituzte: erresistentzia-kutxa, erresidentzietako erabiltzaileen senideen babesa, emakumeen arteko elkartasuna, sindikatuaren baliabideak…

Dena den, hauexek izango dira Gipuzkoako grebalarien tresnak, eta arras ongi erabiltzen ari dira. Horren frogarik behinena, atzo, gaur eta bihar egiten ari den kanpaldia. Gatazkak luze jotzen badu, prest egon beharko dugu!

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.