2018-11-20 12:52
Sektoreko mahai negoziatzailean hemeretzi bilera izan ostean, CCOO,UGT eta LAB sindikatuek patronalarekin aurreakordio bat sinatu dute Bizkaiko Arrain gazitu eta Kontserben sektorean. ELAk gogoratu du egun nagusi den prekarietate latzgarriari aurre egiteko, bereziki sektore feminizatu honetan, ez duela neurririk jasotzen.

CCOO, LAB eta UGT sindikatuek patronalaren azken eskeintza onartu dute, honako edukiekin:

-Hitzarmenaren indarraldia: 2018-2020

-Soldata igoerak:

*2018: %1,35.

*2019: KPI+0,25

*2020: KPI+0,25, betiere, 2019ko KPI-a, 2018koa baino txikiagoa edo berdina izan beharko delarik. KPI-a haundiagoa balitz, iragan urteko KPI-aren portzentaia litzateke igoera, urte honetarako.

Aurreakordio honen aurrean, ELA, hitzarmenaren negoziazio prozesuan hasieratik mantendu duen posizioan berresten da. Hastapenetik, egun sektoreko langileek dituzten soldata baxuak nabarmen igotzea izan da helburuetako bat, jakinda sektoreko enpresek dituzten mozkinak.

Bestetik, urteko lan jardunaldia murriztea ere, bizitza pertsonala eta lan bizitza uztartzeko, enplegua sortzeko, etab izan da beste helburu nagusietako bat.

Ahaztu gabe doa, azken lan erreformak sektoretik ezabatzeko egiten dugun ahalegina, klausula ezberdinak txertatuz. Inaplikazioa saihestuko duen klausula, egun indarrean dagoen hitzarmenak jasotzen duen malgutasunari mugak jarriko dizkion klausula, lan baldintzen modifikazioa aldebakarrez ekidingo duen klausula, mutuek gaixotasun arrunteko baja egoerak kudeatzea eragotziko duen klausula, etab..

Gogoratuz, egun nagusi den prekarietate latzgarriari aurre egiteko mantentzen ari garen borroka eta jarrera sektore feminizatu honetan.

ELAren iritziz, patronala oso eroso sentitu da, ez bait da ia mugitu ere egin hasierako posizioetatik eman den negoziazio prozesuan. Gaur, hitzarmenaren aurreakordioa onetsi duten sindikatuek, eskakizunak bileraz-bilera jeitsi dituzte, hasieran lau sindikatuok genuen plataforma bateratua alde batera utziz eta bestalde, edozein motatako konfrontazio eta borrokari muzin eginez.

Borroka alde batera utziaz, aukera on bat galdu da, sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko eta sektorea bere osotasunean duintzeko.

Paradoxikoa da, aurreakordio hau sinatzeko, gure iritzian onargarria ez den hau, hitzarmenen estatalizazioaren alde egiten duten sindikatuak, adibidez Bizkaiko lurraldean hitzarmen bat negoziatzeko aukera eragozten dutenak euren sinadurarekin eta LHEE (Lan harremanetarako euskal esparrua) gehi babes soziala defendatu beharko lukeen sindikatu batek, bat egitea.

Guztiagatik, ELAk dei egiten du, enpresetan antolatzen jarraitzera, gure eskubideen alde borrokan jarraitzeko, prekarietatea ezabatzeko eta Bizkaiko kontserben sektore hau, egiazki duintzeko. Posiblea eta beharrezkoa da.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.