2020-06-04 11:42
ELAren ustez, Espainiako Gobernuak onartu berri duen neurri honek ez du balio EAEko eta Nafarroako pobrezia-egoera estrukturalei aurre egiteko. Izan ere, bizitzeko gutxieneko errenta bermatuak (BGEB) eskainiko duen diru kantitatea gaur egun EAEko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) edo Nafarroako Errenta Bermatuaren (EB) diru kopuruaren azpitik dago. Gainera, gogorarazi dutenez, sistema horiek ere bazituzten nahiko gabezia aurretik ere. Horregatik, premiazkotzat jotzen du DSBE edo EB bat ezartzea langabezian dauden pertsona guztien eskubide indibidual gisa. Kasu horietan bermatutako errentaren zenbatekoa Lanbide arteko Gutxieneko Soldata izan beharko litzateke, sindikatuaren ustez. Halaber, pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurka Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bultzatu zuen Herri Ekimen Legegileak (HEL) jasotzen zituen neurriak aintzat hartzea eskatzen du.

ELAk bizitzeko gutxieneko errenta bermatuari buruz egindako balorazioa jasotzen duen dokumentua aurkeztu du. Azterketa Bulegoko kide Mikel Novalek eta Janire Landaluzek adierazi dutenez, berandu dator neurri hau eta ez du balio lehendik ere bazegoen pobrezia ezabatzeko. "Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) baino txikiagoa da zenbatekoa", azaldu dute. Izan ere, bakarrik bizi den pertsona batentzako zenbatekoa hilean 461,5 eurokoa da, hau da, urtean 5.538 eurokoa; hau da, pobreziaren ataritik behera dagoen zifra da. "Pobreziaren egiturazko egoerei aurre egin nahi bazion, motz geratzen den neurria da", azpimarratu dute.

Izan ere, onartu berri den bizitzeko gutxieneko errenta bermatuaren zenbatekoa EAEko eta Nafarroako DSBEaren edo EBren azpitik dago, eta horregatik salatzen dute neurri honek ez duela hobetuko dagoeneko laguntza horiek jasotzen zituzten pertsonen egoera.

Are gehiago, ELAk adierazi du neurri berritzaile gisa aurkeztu bada ere, Gutxieneko Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren kopia baino ez dela. "Ez da sistema berria, EAEn DSBE edo Nafarroan EB ditugu, eta biak, jakina denez, ez dira aski ELArentzat. Murrizketa handiak izan direla salatu dugu askotan, baita aplikatzeko irizpide murriztaileak dituztela ere, eta hobetzeko proposamenak mahai gainean jarri ditugu", gaineratu dute.

Errealitate horrek jada pertsona asko babesgabe uzten zituela gogorarazi dute. Izan ere, ELAren ustez, EAEko eta Nafarroako gizarte-prestazioen sistema lehendik ere ez da nahikoa. "Bizitzeko gutxieneko errenta bermatua okerragoa izateak ez ditu lehendik ere bagenituen sistema horiek hobetzen", gaineratu dute. Gogorarazi dute pobrezia-mailak gora egin duela azken urteetan. Izan ere, EAEko Pobreziari eta Gizarte Ezberdintasunei buruzko Inkestak (PGEI) erakusten du 2018an 130.000 pertsona baino gehiago zeudela pobrezia larrian, 2008an baino %46 gehiago.

Era berean, gogorarazi dute pobrezia-arriskuan dauden pertsonen %66,4k ez dutela arreta egokia jasotzen prestazio-sistemaren bidez. Bada, salatu dutenez, pobrezia-egoeran dauden 3 pertsonatik batek bakarrik gaindituko du egoera hori gizarte-prestazioen sistemari esker.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.