2022-08-04 07:11
ELAk Gotzaindegiak zentroa husten eta langileak kaleratzen saiatzen ari dela salatu du. Gaur hilabete bete du Bilboko Venerables Sacerdotes zahar-egoitzan uztailaren 4an hasitako greba mugagabeak. ELAk deitu zuen, erabiltzaile batzuk Misericordia zahar-egoitzara eramateko arriskuagatik.

Deialdiaren aurrean, enpresaren eta Apezpikutzaren berehalako erantzuna greban zeuden 4 langile kaleratzea izan zen, lan-karga murriztu egin zela argudiatuz, zentroak berak egoiliarrak Miserikordia Egoitzara eramatea erabaki zuenean; eta horrek grebarako oinarrizko eskubidearen aurkako errepresalia argia dakar.

Aurrekoaren ondorioz, enpresa ez da gai izan gutxieneko zerbitzuen agindua betetzeko; izan ere, plantillaren zati bat kaleratzean, ez du behar adina langile zentroan dauden erabiltzaileei arreta emateko. Grebarako eskubidearen aurkako erasoa ere bada hori.
Erabiltzaileak lekuz aldatu eta 4 langile kaleratu ondoren, Bilboko Gotzaindegiak (Venerables Sacerdotes Egoitzaren partaidetzarekin) eta Misericordiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten uztailaren 28an.
Orduan, ELAk presazko bilera eskatu zion Bizkaiko Foru Aldundiari, erabiltzaileak Administrazioarekin itundutako plazetara lekualdatuko ziren jakiteko. Bileran ez zen informazio argirik eman.

Horren aurrean, ELAk Lan Ikuskaritzara eta auzitegietara jo du grebarako oinarrizko eskubidea nabarmen urratzeagatik babesa eskatzeko.

Argi dago Gotzaindegiak estrategia argia duela Venerables Sacerdotes-en egoitza husteko eta, horrekin batera, langile guztiak kaleratzeko. Baina ELAk langileen eskubideak defendatzen jarraituko du, eta erakunde guztiei gatazkaren konponbidean inplikatzeko eta erabaki horretan atzera egiteko eskatzen jarraituko du.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.