2020-06-02 16:49
Bilboko Misericordia erresidentziako enpresa batzordeak bajak ordezkatzea, egutegiak berreskuratzea eta kalitatezko zerbitzua bermatuko duen ratioa eskatu du.

Enpresa-batzordeak (ELA 6, CCOO 2, LAB 1) askotan jakinarazi dio enpresako zuzendaritzari lan-bajak ez betetzeak zer lan-karga dakarkien langileei, eta batzordeak langile eta ratio nahikoa eskatu ditu azken urteotan. Une honetan, COVID-19agatik isolatutako egoiliarrak zaintzeak dakartzan lan-kargak (arreta pertsonalizatua behar dute), eguneroko lana asko zailtzen duen lanaldi osoak EPIekin lan egiteak eta krisialdian jasaten ari diren karga emozionala kontuan hartuta, inoiz baino beharrezkoagoa da lan-kargak arintzea, lan bajak lehenbailehen ordezkatuz.

Joan den martxoaren 31n, antolakuntza-beharrak zirela-eta, langileek txandaketak, txandak eta egutegiak aldatzea onartu zuten; aldaketa horrek ahalegin handia suposatu arren langileentzat lan-kargetan eta familia-kontziliazioan. Egokitzapen hori egoiliarren artean langileen txandakatzea saihesteko eta COVID-19a kutsatzea saihesteko zen. Neurri hori bat etorri zen senideentzako bisitak (aldi baterako) kentzearekin eta egoiliarren erabateko konfinamenduarekin.

Joan den maiatzaren 15ean, batzordeak berriro eskatu zion enpresari bajak betetzeko eta ohiko egutegia berreskuratzeko. Baina zuzendaritzak ez du eskaera horri erantzun ere egin, langileen beharrak ez direla lehentasuna argi utziz.

Zuzendaritzak batzordeak eskatzen dituen beharrei uko egin arren, langileek beti eman dute onena egoiliarrei merezi duten errespetu eta duintasunez erantzuteko. Baina lehen lerroan bi hilabete baino gehiago eman ondoren, Misericordiako langileak nekatuta daude bai fisikoki baita psikologikoki ere.

Horregatik guztiagatik, bajak ordezkatzeko, egutegiak berreskuratzeko eta kalitatezko zerbitzua bermatuko duen ratioa eskatzeko, Bilboko Misericordia erresidentziako enpresa-batzordeak dei egin die langileei ekainaren 2an (asteartea) 12:00etan, egoitzaren aurrean kontzentratzera, batzordearen eskaerei erantzuten ez bazaie mobilizazio gehiago baztertu gabe.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.