ARGIA.eus

2020ko abuztuaren 11

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
ELA klase sindikatu abertzalea da, 1911n sortua eta egun 100.000 afiliatu dituena.
2019-07-23 12:01
Orain dela lau urte AENAren %49 pribatizatu zen. %100ean sozietate publiko izatetik ia %50eko partaidetza pribatua izatera aldatu zen.Urte horietan, AENAren irabaziak 4.000 milioi euroren ingurukoak izan dira, eta horien erdiak esku pribatuetara joan dira zuzenean. Espero izatekoa zenez, eragiketa horren ondorioz aireportuetako langileen lan-egoera, orokorrean, eta Bilboko aireportukoena, zehazkiago, gero eta prekarioagoa bihurtu da. Gure kalkuluen arabera, 2.400 bat lagun dabiltza lanean bertako instalazioetan. Eta %6 besterik ez da AENAko pertsonala, gainerakoak azpikontratazio-kate luze bateko kideak dira, bitarteko enpresa askotako langileak.

Eta bitarteko enpresa horietan prekarietatea nagusitzen ari da azkar-azkar. Jarduerak ugariak dira: garbikuntza, ostalaritza, segurtasuna, ibilgailuen alokairua eta garbikuntza, fingerrak, auto-aparkatzaileak, eta abar eta abar. Dena azpikontratatzen da, eta dena prekarizatu, AENAren oniritziaz, Estatuko Administrazioaren ontzat emanaz, eta Eusko Jaurlaritzaren axolagabekeriaz. AENAren aldetik, azpikontrataz aldatzen denean, ez dute kontuan hartzen ezta langileen subrogazioa ere; nahiz eta hori, prekarietate sakonagoan ez erortzeko, funtsezkoa izan.

Adibide batzuk jartze aldera, garbitzaileei %50 gehitu diete lana, eta aldi berean %33 jaitsi dute langile-kopurua. AENAren instalazioetan beraietan alokairuko ibilgailuak garbitzen dituzten 100 langileei Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ordaintzen diete, eta lantokiko osasun-baldintzak beste garai batekoak direla dirudi. Handling-eko pertsonala estatu-hitzarmen baten eraginpean dago, %50ak behin-behinekoak dira, eta %65ek lanaldi partzialeko kontratuak dituzte... Begiratzen dugun azpisektorera begiratzen dugula, prekarietate gorria ikusiko dugu nongura, eta goraka doa.

Azken hilabeteotan ikusitako gertakariek irakaspen bat eman digute: jarraitu beharreko bidea borroka sindikala da. ICARko langileak, ibilgailuak garbitzen aritzen zirenak, kaleratuak izan dira, guzti-guztiak; jarduera hori bera egitera SINTAX enpresa sartu delako. Ez diete eman ez kaleratze-gutunik, ezta kalte-ordainik ere. Hori dela-eta, ELAk demandak aurkeztu ditu. DIMAIN (fingers) enpresako langileek 51 greba-egun egin behar izan dituzte, beren lan-baldintzak apur bat hobetzeko. AENAko pertsonalak berak ere greba egin behar izan du, hobekuntza batzuk lortu ahal izateko.

ELAk kanpaina bati ekin dio, egoera horri buelta emateko. Lehen pausoa egoera denen agerian jartzea izan da, eta “BILBOko AIREPORTUA: ZONA PREK-AEREA” goiburuaren pean abiarazi dugu kanpaina, milaka informazio-triptiko banatuz, zeinetan egoeraren berri zehatz-mehatz ematen den.? Ez dugu utziko Loiuko aireportua prekarietate-guetto bihurtzen. Kudeaketa publikoa eskatzen dugu aireporturako. Lan-kargak arintzea eta kalitatezko enplegua sortzea eskatzen dugu. AENAri galdatzen diogu subrogazioaren beharra ezar diezaiela instalazioetan diharduten enpresa guztiei. Estatuko Administrazioaren estrategia hori salatu, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartzea eskatzen dugu.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.